jueves, 31 de enero de 2013

MUNDUKO JOLASAK

7. taldea gara: Marina Agoües, Laura Alvarez, Larraitz Argüello, Irune Chouza eta Maddi Ciaran. Hau da gure jolas bilduma:


AFRIKA:

-Jolasaren izena: Taia-ya-taia.

-Jatorria: Libia.       

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Harrapatzailea adi egotea, erreakzionatzeko gaitasuna, estrategia (harrapatzailea jendea harrapatzen dagoen bitartean konturatzea besteak atzean egongo direla bizkarra ukitu nahian).

-Haurren adina: 5 urte.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala:  Gometxak.

 

-Deskribapena: Jolas honetan harrapari bat egongo da eta jokoa hasteko prest dagoenean, “taia-ya-taia” esango du. Momentu honetan hanka baten gainean ipiniko da eta beste jokalariak harrapatzera joango da. Beste jokalari guztiek gometxa bat edukiko dute eta, hau, harrapariaren bizkarrean itsatsi beharko dute. Harrapariak hanka baten gainean dagoelarik beste jokalariren bat harrapatuz gero, azken hau lurrean eseri beharko da jolasa amaitu arte. Bestalde, guztiok ukitzen badute bizkarrean edota pertsona bat harrapatzean bi hankak ipintzen baditu lurrean,  jokoa berriro hasiko da rolak errespetatuz.

 

-Jolasaren izena: Gato come o rato (Katuak sagua jaten du).

-Jatorria: Angola.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Bantulá, J. eta Mora J. M. (2002). Juegos multiculturales. 255 juegos tradicionales para un  mundo global.

-Helburuak: Talde koordinazioa, elkar laguntza, erreakzionatzeko gaitasuna.

-Haurren adina: 5 urte (3 urtetik aurrera).

-Partaide kopurua: Gutxienez 8 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Partaideek  borobil bat osatuko dute, eskuak ekarri emanez. Jokalarietako bat (arratoi rola izango duena) biribilaren barrualdean kokatuko da eta beste jokalarietako bat (katuaren rola izango duena), berriz, biribilaren kanpoaldean ipiniko da. Azken honek zirkuluan sartzen saiatu behar du arratoia harrapatu ahal izateko. Baina biribila osatzen dutenek sartzea eragotzi beharko diote,  “¡gato come o rato!” oihukatuz. Katua sartzean, saguak zirkulutik irteteko aukera dauka, bere kideek borobila adeitasunez irekiaz.

 

-Jolasaren izena: Babucha.

-Jatorria: Maroko.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Distantziaren pertzepzioa lantzea, ikusmenaren eta gorputzaren koordinazioa, teknikak garrantzi handiago izango du indarrak baino.

-Haurren adina: 5 urte.

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Bakoitzaren zapatak.

 

-Deskribapena: Jokalari bat lurrean egindako marra baten gainean ipiniko da, hankak irekiz. Honi zapatari deituko zaio. Beste jokalari guztiak pertsona honen atzealdean ipiniko dira, aurrez ezarritako distantzia batera, eta zapatak eskuan dituztela. Banaka-banaka beren zapatak jaurtiko dituzte, beste jokalariaren hanka artetik sartzeko asmoz. Jaurtiketa egin ostean, jokalari bakoitza ilararen atzealdean ipiniko da, berriro ere, zapata ukitu gabe. Jokalari guztiek beren zapatak jaurtitakoan zapatariak, zapata kendu eta beste haurrek jaurtitako zapata bat jo beharko du. Zapataren bat ukituz gero, zapataren jabea ipiniko da hankak irekiaz marraren gainean, zapatari bihurtuz eta berriro hasiko da jolasa.

 

 

-Jolasaren izena: Tenghach.

-Jatorria: Sahara.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Azkartasuna, erreakzionatzeko gaitasuna, arreta mantentzea.

-Haurren adina: 5 urte.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Jokalariak borobilean ipiniko dira eta borobilaren barruan beste bi pertsona egongo dira:  bata lurrean makurtuta (presoa) eta bestea bere alboan (soldadua). Borobila osatzen dagoen jokalari bakoitza laguntzaile izango da.

Presoak laguntzailetako baten izena esango du. Orduan Izendatuko laguntzailea presoaren burua ukitzen saiatuko da. Bitartean, soldaduak aurre egin beharko dio, honi bere egitekoa oztopatuz. Laguntzaileak hogei segundo edukiko ditu presoaren burua ukitzeko. Lortzen badu, soldaduarekin rolak aldatu beharko ditu: presoa soldadu izango da eta salbatzailea preso. Baina lortzen ez badu, presoak beste laguntzaile baten izena esango du.

 

-Jolasaren izena: Zizúa Tadárgas (Erle begibakarra).

- Jolasaren jatorria: Somalia.        

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Dominguez, R.,  ElQuariachi, S. eta Granda, J. (1999). El juego popular y tradicional como mediador intercultural. Madril: CIMS 97  

-Helburuak: Ukimenaren eta usaimenaren bidezko pertzepzioa, espazioan kokatzea, gorputz irudia beste zentzuen bidez aztertzea: orokorrean, haurrek gorputzaren irudia ikusmenaren bidez identifikatzen dute, eta jolas honen bitartez beste zentzumenak ere lantzen dituzte.

-Haurren adina:  5 urtetik gora.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 5 pertsona.

-Materiala: Zapi bat.

 

-Deskribapena: Haurrek korro bat osatuko dute. Hauetako bat erdian jarriko da begiak estalita dituela. Honek, borobileko bat harrapatu beharko du, harrapatzerakoan hau nor den asmatuz. Horretarako, hamar segundo emango zaizkio, harrapatutakoa eskuen bidez ukituz nor den igarri dezan.

Asmatuz gero, bikoteak aldatuko dira. Baina bestela, berdin jarraituko da.

 

 

AMERIKA (IPAR):

-Jolasaren izena: Simon says (Simonek dio).

-Jatorria: Estatu Batuak.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.

-Helburuak: Arreta mantentzea, ingelesa menperatzea, eliminatua izaten ikastea.

-Haurren adina: 5 urte.

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Jolas honetan, andereñoa Simon izango da eta ikasleak bere aurrean jarriko dira. Jolasa hasten denean, Simonek honako hau esango du: “Simonek dio…” eta agindu bat emango du, adibidez: “Simonek dio ukitu ezazue sudurra”. Jolaskideek berehala kasu egin eta eskua sudurrean jarriko dute. Simonek behin eta berriro errepikatuko ditu aginduak, gorputz atal edo ekintza desberdinak aipatuz. Jolaskideen artean nahasmena sortu nahian, Simonek esaldiaren lehen zatia esan gabe utzi, eta gorputz atala edo ekintza esango du zuzenean, adibidez: “eseri lurrean”. Agindu hau ez da baliagarria izango  ez delako “Simonek dio” esan. Beraz, betetzen dutenek gaizki egingo dute eta eliminatuak izango dira.

 

-Jolasaren izena: Shepherd and Wolf (Artzaina eta otsoa).

-Jatorria: Estatu Batuak.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.

-Helburuak: Azkartasuna, arreta mantentzea, talde lana.

-Haurren adina:  5 urte.

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Jokalari batek  shepherd-en (artzainaren) rola beteko du, beste batek wolf-ena (otsoarena) eta beste guztiak ardienak.

Lurrean bi marra margotuko dira, elkarrekiko paraleloak eta beraien artean tokia utziz. Artzaina marra baten atzean jarriko da eta ardiak bestearen atzean. Otsoa bi marren artean dagoen espazioan kokatuko da. Artzainak bi edo hiru ardi  batera deituko ditu beren izenez. Aipatutako jokalariak bere marratik bestera pasa beharko dira otsoak hauek ukitu gabe, ukituak izanez gero, izozturik geratuko baitira.

 Beste marrara iristen diren ardiak,bertan geratuko dira mugitu gabe, dagoeneko aske. Artzainak, izozturik dauden ardiak berreskuratu ditzake, hauek  ukitzen baditu, otsoak bera harrapatu gabe –noski–.

Azken ardiaren izena esaten denean, jolasa amaituko da. Honela, artzainak lortu dituen ardiak zenbatuko dira, baita otsoak izozturik dituenak ere. Ardi gehien lortu dituenak irabazi egingo du.

-Jolasaren izena: Muk.

-Jatorria: Kanada.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Bantulá, J. eta Mora J. M. (2002). Juegos multiculturales. 255 juegos tradicionales para un  mundo global.

-Helburuak: Irudimena eta inprobisazioa lantzea, lotsa galtzea, gorputz espresioak kontrolatzea, lankidetza (enpatia, bestearen lekuan jartzea).

-Haurren adina:  5 urte (3 urtetik gora).

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Jokalariak borobilean eseriko dira eta kide bat aukeratuko dute jokoa zuzentzeko. Erdian dagoenak, borobileko bat hatzez seinalatuko du eta besteak “muk” esan beharko du,oso serio jarriz.  Erdian dagoenak aukeratutako pertsonari barre eragin beharko dio. Lortzen badu paperak aldatuko dira.

 

AMERIKA (HEGO):

-Jolasaren izena: Pasando el aro (Uztaia pasatzen).

-Jatorria: El Salvador.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Bantulá, J. eta Mora J. M. (2002). Juegos multiculturales. 255 juegos tradicionales para un  mundo global.

-Helburuak: Motrizitate lodia garatzea, talde lana  (kideak laguntzea), gorputzaren mugak ezagutzea, gorputzaren malgutasuna.

-Haurren adina: 5 urtetik gora.

-Partaide kopurua: Gutxienez 4 pertsona (uztai batekin).

-Materiala: 2 uztai borobil talde bakoitzeko. Lau guztira.

 

-Deskribapena: Jolas honetarako, haurrek bi borobil osatu beharko dituzte eskuak elkarri emanez. Borobil hauen erditik hiru uztai sartuko dira,  katea berriro itxiz. Joko honen helburua, uztaiak borobilari bira guztia ematea da, umeek bere gorputza uztaitik sartuz eta beti ere eskuak askatu gabe.

 

-Jolasaren izena: Dragones (Dragoiak).

-Jatorria: Peru.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Talde koordinazioa: talde barruan estrategia egitea;  azkartasuna, harrapatua izaten ikastea, jolasean garbi jokatzea (harrapatzen bazaituzte katean elkartzea).

-Haurren adina: 5 urte.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 10 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Bi jokalari dragoiaren burua izango dira  eta beste partaide guztiak harrapatu beharko dituzte. Jokalari bat ukitua den momentuan, eskuak elkartu beharko ditu ukitu duen dragoiarekin. Era honetara, kateak edo dragoiak eratzen joango dira. Soilik esku bat libre dutenek ukitu ditzakete beste jokalariak. Jolas honen helburua ahalik eta dragoi luzeena sortzea da, denak harrapatuak dauden momentuan beste dragoiaren luzera gainditzeko.

Jolasa berriro hasteko, harrapatutako lehenengo bi pertsonak izango dira harrapatzaile.

 

-Jolasaren izena: Desafío (Erronka).

-Jatorria: Argentina.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Erreakzionatzeko gaitasuna, bizkortasuna, estrategia (gutxi korri egiten duen haur bat aukeratzea zu ez harrapatzeko).

-Haurren adina:  5 urte.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 10 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Bi talde osatuko dira. Talde bakoitza marra baten gainean jarriko da, talde bat besteari begira gelditzen dela. Ekipo batetako jokalaria beste ekipoarengana hurbilduko da. Bertan, beste taldekoek beso bat luzatua dutela itxarongo dute. Jokalaria euren aurretik ibiliko da, eta nahi duenean,  beste ekipoko norbaiten eskua joko du, bere ekipoarengana korrika itzuliz. Orduan,  aukeratutako aurkariak jokalaria harrapatu beharko du, honek bere ekipoko marra gurutzatu baino lehen. Parte hartu dutenak eseri egingo dira, honela denek parte hartzeko aukera dute.

 

ASIA:

-Jolasaren izena: Shutur Bazi.

-Jatorria: Afganistan.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Azkartasuna eta erreakzionatzeko gaitasuna, talde koordinazioa, galtzearen penitentzia onartzea.

-Haurren adina:  5 urtetik gora.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 10 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Jokalariak bi taldetan bereiziko dira eta elkarren parean, distantzia jakin batez banaturik egongo dira bi ilara osatuz. Talde bakoitzean nagusi bat egongo da zutik. Beste taldekideak lau hanketan kokatuko diren gameluak izango dira. Talde bateko nagusiak, beste taldeko nagusiari hurrengoa esango dio:

 

-          Gamelu bat galdu dut. Agian zure gamelu-taldean dago.

-          Beste taldeko nagusiak: etorri eta begiratu.

 

Nagusia gerturatu egingo da eta kontrako taldeko gameluen artean ibiliko da. Norbait ukitu nahi duenean “hau nirea da!” esango du, garrasika eta ihes eginez. Une horretan, gameluz egiten duten jokalariak altxa egingo dira eta aurkako taldeko nagusia harrapatzen saiatuko dira. Ez badute harrapatzen, aukeratuta izan den gamelua izango da galtzaile. Beraz, aurkako taldeko nagusiari buelta bat emango dio lau hanketan. Ondoren, gamelua beste taldera pasako da. Harrapatzen badute, nagusia aurkako taldeko gamelu bihurtuko da eta bere gameluek beste nagusi bat aukeratuko dute.

 

 

-Jolasaren izena: Debekatuta dago zapaltzea.

-Jatorria: Iran.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Dominguez, R.,  ElQuariachi, S. eta Granda, J. (1999). El juego popular y tradicional como mediador intercultural. Madril: CIMS 97  

-Helburuak: Irudimena lantzea, abilezia, erresistentzia, azkartasuna, erreakzioa, norberaren gorputzaren kontrola.

-Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

-Partaide kopurua: Gutxienez 5 pertsona.

-Materiala: Pilota bat.

 

-Deskribapena: Pertsona batek pilota bat edukiko du eta beste partaideak ukitzen saiatuko da, honez baliatuz. Hauek, ezin izango dituzte oinak lurrean jarri. Horretarako, etzan, eseri, edo gorputza jarrera desberdinetan jarri beharko dira ( gehienez 7 segundo egon daitezke jarrera berdinean ). Pilota duen jokalariak, hankak lurrean dituen kidea jotzen saiatuko da. lortzen badu, emandako jokalaria zuzendari papera hartzera pasako da.

 

-Jolasaren izena: Gaua eta eguna.

-Jatorria: India.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Dominguez, R.,  ElQuariachi, S. eta Granda, J. (1999). El juego popular y tradicional como mediador intercultural. Madril: CIMS 97  

-Helburuak: Azkartasuna, erreakzionatzeko gaitasuna, arreta mantentzea, distantziaren pertzepzioa lantzea, ikusmenaren eta gorputzaren koordinazioa.

-Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Jokalari kopuruaren haina pilota.

 

-Deskribapena: Taldea bi multzotan banatuko da. Bakoitzak ilara bat osatuz eta elkarren aurrean jarriz. Bi taldeen artean pilotazko ilara bat egongo da. Talde bat, gaua izango da eta bestea, eguna. Nagusiak gaua edo eguna esango du eta aipatutako taldea korrika joan beharko da 6-7 m-tara egongo den marrara (askatasun marra) iritsiz. Beste taldeak ilaran dagoen pilota hartu beharko du eta bere aurrekoa jo, hau marrara iritsi aurretik.

 

 

-Jolasaren izena: Jamuran.

-Jatorria: Indonesia.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Cajón desastre. (2010). Juegos multiculturales.

-Helburuak: Irudimena lantzea, lotsa galtzea, gorputz espresioak kontrolatzea, lankidetza.

-Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Partaide guztiek borobil bat osatuko dute, bat izan ezik. Ume hori, egindako borobilaren erdian ipiniko da. Honek, burutuko duen ekintza azalduko du, adibidez, zirkulua osatzen duten guztien hanka azpitik pasatu, besteen gainetik salto egin… etab.

Erdian dagoen jokalariak, gainontzeko jolaskideei behar bezala egotea aginduko die, modu horretan geroxeago burutuko duen ekintza errazagoa egingo zaiolako.

Jokoak irauten duen bitartean, inork ezin izango du barrerik egin. Erdiko jokalariak norbait barrezka ikusiz gero, eskuarekin seinalatuko du eta rolez aldatuko dira. Behin aldatuta, jokoa berriz hasiko da.

 

-Jolasaren izena: Aurkariari erasoa.

-Jatorria: Israel.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Dominguez, R.,  ElQuariachi, S. eta Granda, J. (1999). El juego popular y tradicional como mediador intercultural. Madril: CIMS 97  

-Helburuak: Ulermena (jokoa ulertzeko garaian), azkartasuna, koordinazioa.

-Haurren adina: 5 urtetik gora.

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Bi pilota eta kartoizko bi kaxa.

 

-Deskribapena: Bi talde egongo dira bi ilara osatuz. Bakoitzaren aurrean, barruan pilota bat izango duen kaxa bat egongo da. Jolasa bien arteko lehiaketa izango da. Ilara bakoitzeko lehen jokalaria, beste taldearen kaxara abiatuko da eta pilota kaxatik aterako du, hau kaxaren ondoan utziz. Hau egitean, bere kaxara joango da bere aurkariak ateratako pilota kaxa barruan sartzea. Bukatzeko, korrika joango da bere ilararen bukaerara bertan eseriz.

Lehenengo esertzen den jokalariaren taldeak puntu bat eskuratuko du. Jokalari guztiek errepikatuko dute jarduera eta puntu gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du.

 

 

EUROPA:

-Jolasaren izena: Lokotxak.

-Jatorria: Euskadi.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.

-Helburuak: Talde lana, azkartasuna, teknika, koordinazioa: taldekoa nahiz indibiduala.

-Haurren adina: 5 urtetik gora.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 10 pertsona.

-Materiala: Lokotxak edo honen funtzioa bete dezaketen objektuak (harriak, zapatak…)

 

-Deskribapena: Jolas honek, beste zenbait euskal jolas bezala, baserrian du jatorria. Non antzina, baserritarrek artoa errenkaz errenka jasotzen zuten saskietan.

 

         Lasterketaren ibilbidean zehar lokotxen errenkak jarriko dira. Batetik bestera metro bateko tartea utziz, gutxi gora-behera.

Ilaran dagoen lehenengoa korrika joango da lehenengo lokotxa hartzera. Ondoren, hau bere taldearen saskian sartuko du. Hau burutzerakoan ilarako hurrengoak prozesu berdina errepikatuko du, horrela jarraituz, lokotxa guztiak jaso eta gero bere tokian ezarri arte. Ekintza burutzen duen lehenengo taldea izango da irabazlea.

-Jolasaren izena: Lur, zeru, ur.

-Jatorria: Errusia.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.

-Helburuak: Hiztegia lantzea, pentsatzeko azkartasuna, talde lana.

-Haurren adina:  5 urte (4 urtetik aurrera).

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Bi talde egingo dira eta bata bestearen aurka arituko dira. Taldeetako batek “lur”, “zeru” edo “ur” esango du. Honekin batera, kopuru bat ere aipatuko dute. Adibidez: “Lur” eta “bost”. Hau entzutean, beste taldekoek bildu eta ahalik eta azkarren lurreko bost animalien izenak esan beharko dituzte. Lortuz gero, puntu bat eskuratuko dute. Ez badute lortzen, galdetu duen taldeak eskuratuko du puntua. Jolasarekin jarraitzeko, beste oraingoan beste taldeak nongo animalia eta kopurua. Gomendagarria da animalia kopuru bat zehaztea (5-15 animalia bitartean).

 

-Jolasaren izena: Zizare eseria.

-Jatorria: Belgika.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Bantulá, J. eta Mora J. M. (2002). Juegos multiculturales. 255 juegos tradicionales para un  mundo global.

-Helburuak: Talde koordinazioa (talde lana), talde komunikazioa.

-Haurren adina:  5 urtetik gora.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona, 3 talde bakoitzeko.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Sei umez osatutako taldeak egin eta lerroka kokatuko dira, umea bakoitza bestearen atzean dagoela.  Atzean eserita dagoenaren txorkatilak helduz, talde bakoitzak 10-15 metrotara dagoen helmugara iritsi beharko dute askatu gabe. Askatuz gero, berriz hasi beharko dute. Irabazlea helmuga lehenengo zeharkatzen duen taldea izango da.

 

-Jolasaren izena:  Sabanako ekaitza tropikala.

-Jatorria: Danimarka.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.

-Helburuak: Hiztegia lantzea, azkartasuna, erreakzionatzeko gaitasuna.

-Haurren adina: 5 urtetik gora.

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ume bakoitzeko (batek izan ezik) aulki bat eta animalia irudien txartel bat

 

-Deskribapena: Jokalariek borobil bat osatuz jarriko dituzte aulkiak (borobilaren barrurantz begira) eta bakoitza batean eseriko da (lehoia egokitzen zaion umea izan ezik). Lehoiak bueltak emango ditu borobilaren inguruan animalien izenak ozenki esanez. Aipatzen dituen animaliak altxa egin beharko dira eta, lehoiaren atzetik ilara osatuz, birak emango dizkiete aulkiei. Lehoiak “ekaitza tropikala” esaten duenean, denak aulki batean esertzen saiatu beharko dira. Aulkirik gabe geratzen denak txartela aldatuko dio lehoiari; honek jolasa berriro hasiko du.

 

-Jolasaren izena: Otso frutazalea.

-Jatorria: Italia.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.

-Helburuak: Azkartasuna, hiztegia lantzea, erreakzionatzeko gaitasuna,  ahozko komunikazioa.

-Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 4 pertsona.

-Materiala: Jokalari bakoitza zein fruta den dioten kartelak.

 

-Deskribapena: Azalduko dugun jolasa, ezaguna da Italia osoan. Haur batek otsoaren papera egingo du eta, beste guztiek, frutatxoen txartela bana edukiko dute. Otsoa pareta horma baten ondoan jarriko da eta beste guztiak, berriz, zenbait metrotara (gelaren tamainaren arabera) Jolasa, ondorengo elkarrizketarekin hasiko da:

 

-          Otsoa: Tok, tok

-          Beste jolaskideak: Nor da ?

-          Otsoa: otsoa naiz.

-          Beste jolaskideak: zein fruta nahi duzu ?

 

Otsoak fruta baten izena esango du eta fruta horren karteltxoa duten jolaskideak harrapatzen saiatuko da. Jolaskide horiek, korrika iritsi beharko dira, otsoak harrapatu baino lehen norbait harrapatuz gero honek bere papera otsoarenarekin aldatuko du, bestela jolasa errepikatuko da.

 

OZEANIA:

-Jolasaren izena: Duck, duck, goose (Ahate, ahate, antzara).

-Jatorria: Australia.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.     

-Helburuak: Azkartasuna, erreakzionatzeko gaitasuna, ulermena.

-Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

-Partaide kopurua: Gutxienez 8 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Jokalari guztiak lurrean eseriko dira borobil bat osatuz eta honen barrualdea begiratuz. Jokalari bat borobilaren kanpoaldetik ibiliko da ume bakoitzaren burua edo bizkarra ukituz, eta “Duck” (ahate) esanez aldi bakoitzean. Baina momentu jakin batean, haur baten burua ukitu eta  “Goose” (antzara) esan ondoren, borobilari bira bat emango dio korrika. Ukitutako jokalaria, harrapatzaile bihurtzen dena, altxa egingo da eta bestearen atzetik joango da, hau borobilean libre utzi duen lekuan eseri baino lehen harrapatuz.

 

          Harrapatzaileak beste umea harrapatzea lortzen badu, azken honek berriro hasi beharko du jolasa. Aldiz, harrapatzaileak beste umea harrapatzea lortzen ez badu, harrapatzaile denari egokituko zaio jolasa berriro hastea.

 

-Jolasaren izena: Non daude marakak?

-Jatorria: Australia.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Bantulá, J. eta Mora J. M. (2002). Juegos multiculturales. 255 juegos tradicionales para un  mundo global.

-Helburuak: Entzumena lantzea, kokapen espaziala, erreakzionatzeko gaitasuna, norberarekiko konfiantza.

-Haurren adina:  5 urte (3 urtetik aurrera).

-Partaide kopurua: Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Zapiak (talde erdiarentzako) eta marakak (beste erdiarentzat).

 

-Deskribapena:Partaide guztiak borobil bat osatuz eseriko dira, bi izan ezik. Talde erdiari begiak estaliko dizkiegu. Beste erdiari maraka bana emango diegu. Begiak estalirik dituztenak gelaren erdian kokatuko dira eta beste guztiak, berriz, gela guztitik sakabanatuko dira. Irakasleak jokoari hasiera ematean hauek indarrez astintzen hasiko dira (marakak dituztenak) eta, begiak itxita dituztenek, marakaren hotsa jarraituz, besteak aurkitu beharko dituzte.

Helburua lortzen badute, beste bi harrapari berri jarriko dira borobil barnean eta jokoarekin jarraituko dute.

 

-Jolasaren izena: Vekamo, vekamo (Elkar ezagutu).

-Jatorria: Papua Ginea Berria.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Juegos del mundo. (2010). Juegos del mundo: Papua Nueva Guinea.

-Helburuak: Komunikazioa, elkarrekiko errespetua, txanda errespetatzea, taldean parte hartzea sustatzea.

-Haurren adina: 5 urtetik gora.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 10 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena: Partaideak bi taldetan banatuko dira; talde batean neskak eta bestean mutilak. Talde bakoitzeko jokalariak lurrean eseriko dira borobil bat osatuz. Borobil hauek gelaren izkina bakoitzean egongo dira.

Jokoa, mutiletako bat altxa eta nesken taldera abiatzen denean abiatzen denean hasiko da. neskengana iristean, neska bat aukeratuko du eta eskutik hartu eta elkarrekin joango dira mutilen borobilera.

Borobilera doazen bitartean, batak besteari interesatzen zaizkien gauzak galdetuko dizkiete, bestearekiko interesa azalduz.

Mutilen borobilera iristean, mutilak lehen hutsik utzitako esertokia hartuko du eta neska izango da, oraingoan mutila aukeratzen duena eskutik hartu eta nesken borobilera eramateko. Prozesua errepikatuz joango da guztiak beste sexuko pertsonekin hitz egiteko aukera izan arte.

Azkenean, bi taldeak elkartuko dira borobil bakar bat osatuz eta pertsona batetik hasita, denok esango dute besteei buruz gustatu zaizkien gauzak. Jokoa, pertsona guztiek hitz egitean amaituko da.

 

-Jolasaren izena: What is time Mr. Kangaroo? (Zer ordu da Kanguru Jauna?).

-Jatorria: Zeelanda berria.

-Iturria (nondik lortu den jolasa): Izargarai, I., Martiarena N. eta Susperregi, X. (2005). Betiko jolasak.Oiartzun:  Oiartzungo Udala.     

-Helburuak: Zenbakien kontzeptua lantzea, erreakzionatzeko gaitasuna,azkartasuna.

-Haurren adina:  5 urtetik aurrera.

-Partaide kopurua:  Gutxienez 6 pertsona.

-Materiala: Ezer ez.

 

-Deskribapena:  Jokalari bat kangurua izango da, eta beste jokalariei bizkarra emanez hamar bat metrotara kokatuko da. Jokalariek “zer ordu da kanguru jauna?” galdetuko dute, eta kanguruak edozein ordu erantzungo du. Besteek, kanguruak esandako orduen araberako saltoak eman beharko dituzte,  berarengana hurbilduz. Adibidez: kanguruak “hamarrak” erantzuten badu, jokalariek hamar salto eman beharko dituzte kanguruarenganantz. Jolasak modu honetara jarraituko du, baina kanguruak, nahi duenean,  besteek egindako galderari horrela erantzungo dio: “Jateko ordua”. Orduan, kangurua talderantz korrika irtengo da eta beste jokalariek ihes egingo beharko dute saltoka, abiada marra zeharkatzen saiatuz. Kanguruak jokalariren bat abiada marrara iritsi baino lehen harrapatzen badu, harrapaturiko jokalaria kanguru bihurtuko da. Aldiz, kanguruak ez badu inor harrapatzen, jolasa aurreko era berdinean hasiko da, bi edo harrapatzaile gehiago sortuz.

 

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario