jueves, 24 de enero de 2013

Jolas kooperatiboak- barruan jolasteko


IZENA
ZUBIRI ZUBIRI
ITURRIA
Ehun jolas eskolarako.
HELBURUAK
 Talde barnean kohesioa izatea eta kooperazioan aritzea.
ADINA
 3 urte.
PARTAIDE KOPURUA
12 pertsona inguru.
MATERIALA
 Ez da materialik behar.
DESKRIBAPENA
 Neska bat eta mutil bat aurrez aurre jarriko dira; bi eskuak elkartu eta goian dituztela arku bat osatuko dute. Bakoitzak hitz bat aukeratu beharko du. Beste neska- mutil guztiak elkarturik eta lerro luze bat osatuz, arkupetik pasatuz joango dira. Zubiri zubiri abestia kantatuko dute eta “hemen geldituko dela” abestean arkupetik pasatzen hasi dena atxiloturik geldituko da arkua osatzen duen bikotearen artean. Eskuak jaitsiz eta gerritik helduz zubitik pasaraziko zaio. Ondoren, zubia osatzen dutenek galdetuko diote: Norentzat? Haurrak zubia egiten ari diren pertsonetako baten hitza aukeratu eta bere atzean kokatuko da.
TALDE HAUSNARKETA
Jolasa ez zuten behar bezala ulertu hasieran haurrek. Ikasleek ez zekiten “hemen geldituko dela” esatean laguna atxilotu behar zutela. Bestetik, arkupetik igarotzen ziren umeak arkupearen azpian geldirik geratzen ziren nahiz eta abestiak aurrera joan. Irakasleak berriro azaltzerakoan hobeto ulertzen zuten eta abestiareki batera giro oso ona sortu zen. Asko gustatu zitzaien haurrei jolas hau.





  
IZENA
PICCOBELLO
ITURRIA
http://www.bakeola.org
HELBURUAK
Koloreak lantzea, lankidetza sustatzea eta kooperazioan
aritzea.
ADINA
 3 urtetik gorakoak
PARTAIDE KOPURUA
 2-8 jokalarientzat.
MATERIALA
 Pintzak, tanta bat duen dado bat, kolorezko dadoa, arropak, eta esekitokia.
DESKRIBAPENA
Jolasa hasi aurretik, jolasak dituen 20 jantziak esekita jarri beharko dira. Hau burutu ondoren, dadoak botatzen hasiko dira. Dado batek bere sei aldeetako batean euri tanta baten marrazkia izango du eta beste dadoak kendu beharreko arropen kolorea zehaztuko du. Haur bakoitza bi dadoak botatzen hasiko da, euri tanta duen dadoan, euri tanta tokatu ezean, beste dadoak adierazitako kolorea duen arropa kendu beharko da. Euri tanta duen dadoan, euri tantaren marrazkia tokatzen bada ordea, ezingo da arroparik kendu eta hurrengo partaideak hartuko du txanda. Jolasaren helburua, zortzi euri tanta tokatu aurretik kolore guztietako arropak jasotzea izango da. Hogei jantziak jaso baino lehen, zortzi euri tantak tokatuz gero, jolasa amaitutzat emango da.
TALDE HAUSNARKETA
 Haurrei hasieran jolasaren nondik- norakoa ulertzea kosta egin zitzaien, baina, behin eta berriz errepikatuz ondo ulertu zuten. Jolasean zehar kontzentrazioa galdu egiten zuten eta horrek kooperazioa mozten zuen. Azkenean, nazkaturik amaitu zuten eta jolasa bertan behera utzi behar izan genuen.



IZENA
ESKUTIK HELDUTA
ITURRIA
http://www.bakeola.org
HELBURUAK
Kooperazioan aritzea, aniztasunaren barruan murgiltzea, koloreak lantzea, bizkortasuna irabaztea eta elkarlanean jolasten ikastea.

ADINA
 3 -6 urte bitartekoak
PARTAIDE KOPURUA
 1-6 jokalarientzat.
MATERIALA
Txapelak dituen dadoa, neska eta mutilen marrazkia duen dadoa eta besoak zabalik dituzten ume irudien fitxak.
DESKRIBAPENA
Haur bakoitzari fitxa kantitate bat banatuko zaio eta bi dadoak botatzen hasiko dira. Bi dado horiek, ze fitxa jarri behar duten zehaztuko die, batek neska ala mutilezko fitxa jarri behar duten esango die eta besteak kapela izango duen hala ez. Modu honetan, haur bakoitza fitxak elkartzen joango da, eskutik helduta dauden haurren kate luze bat osatuz.

TALDE HAUSNARKETA
 Haurrei jolasa ulertzea kosta arren, azalpenak lasai eman eta  jolasa ondo burutu zuten. Zenbaitetan, fitxak aurkitzea kosta egiten zitzaien. Hala ere, haur batzuen kasuan erritmoa lasaiagoa bazen ere, denen artean ipotxen kate luzea  osatzea lortu zuten.




IZENA
BHAVATI
ITURRIA
http://www.bakeola.org
HELBURUAK
Koloreak lantzea, lankidetza sustatzea, elkarlanean aritzea eta kooperazioan jolasten ikastea.
ADINA
 3 -4 urtetik gorakoak.
PARTAIDE KOPURUA
 2-9 bitarteko haur kopurua.
MATERIALA
Arrantzako sarea osatu ahal izateko egokituta dauden eraikuntzako piezak eta dadoa.
DESKRIBAPENA
Eraikuntzako piezen bitartez arrantzaleen sarea osatu beharko dute denen artean. Eraikuntzako pieza horiek zaku batean egongo dira eta txandaka dadoak zehaztuko die ze koloretako pieza hartu beharko duten. Helburua, eraikuntzako pieza horiek erabiliz, denen artean arrantzaleen sare koloretsua osatzea izango da.
TALDE HAUSNARKETA
 Eraikuntzako jolasa denez, oso gustura aritu ziren, elkarren artean lanean aritu eta azkenean sarea osatzea lortu baitzuten. Jolas guztian zehar gogotsu eta kontzentraturik ikusi genituen.






 

IZENA
DADOETAKO IPOTXAK
ITURRIA
http://www.bakeola.org
HELBURUAK
Dibertitzea, koloreak lantzea, kontzentrazioa irabaztea, ikusmen-bizkortasuna garatzea eta lankidetzan jolasten ikastea.
ADINA
 4-6 urte bitartekoak.
PARTAIDE KOPURUA
 2-8 jokalari inguru.
MATERIALA
Hainbat kolore dituzten dadoak eta kolorezko ipotxen irudiak dituzten fitxak.
DESKRIBAPENA
Mahai gainean ipotxen marrazkiak dituzten fitxak buruz gora jarriko dira eta hiru koloretako dadoak botatzeari ekingo diote haurrak. Ahalik eta azkarren, egokitutako hiru koloreak dituen ipotxa aurkitu beharko dute denen artean. Ipotxa aurkitutakoan kaxan jarri beharko dute ipotxa eta helburua denen artean ahalik eta denbora gutxiena erabiliz fitxa guztiak kaxan sartzea izango da.
TALDE HAUSNARKETA
 Haurrek jolas hau ulertzeko zailtasunak izan zituzten eta uste baino denbora gehiago igaro zuten fitxak poltsan sartzen. Zenbaitetan lehiakortasun pixka bat ikusi genuen, haur batek besteak baino lehenago aurkitzen baitzituen dadoan ateratzen ziren koloreko ipotxak. Hala ere, erritmo lasaiagoan bazen ere, haur guztiek lagundu zuten fitxa guztiak poltsan gordetzen.








IZENA
SWINGOLO edo BAMBOLEO TXIKI
ITURRIA
http://www.bakeola.org
HELBURUAK
Koloreak lantzea, animaliak ikastea, zenbait dimentsioa barneratzea eta elkarlanean jarduten ikastea.
ADINA
 5-6 urte.
PARTAIDE KOPURUA
 2-4 jokalarientzat.
MATERIALA
Lorea eta eraikuntzako piezak.
DESKRIBAPENA
Jolasaren hasieran, haur bakoitzak eraikuntzako pieza jakin batzuk edukiko ditu, ondoren lorearen gainean ezarriko direnak. Haurrak, pieza horiek jartzen hasiko dira lorearen gainean eta helburua lorea ez desorekatzea izango da. Loreak oreka mantendu ezean, jolasa amaitu eta berriz ekingo zaio piezak jartzeari.
TALDE HAUSNARKETA
Jolasa asko gustatu zitzaien eta 5-6 urte bitartekoentzat oso egokia dela ikusi genuen. Eraikuntza txokoarekin antzekotasuna ikusi zutenez, gogotsu parte hartu zuten. Oreka mantentzean zailtasunak izan zituzten, baina, praktikaren eta elkarlanaren eraginez lorearen oreka mantentzea lortu zuten.







IZENA
KANIKA- KANIKA
ITURRIA
Ahozko transmisioa.
HELBURUAK
Taldeekiko harremana,  elkarlana,  komunikazioa lantzea eta dibertitzea.
ADINA
 6 urte.
PARTAIDE KOPURUA
 20 haur inguru.
MATERIALA
 Kanika bat.
DESKRIBAPENA
Jokalari guztiak lurrean eseriko dira, borobil bat eginez eta bakoitzak bere eskuak elkartuko ditu. Jolaskide bat zutik egongo da eta honek kanika edukiko du. Eserita daudenak begiak itxi eta abesten hasiko dira: "Kanika txiki bat daukat saltoka eskutik eskura. Nork ote du?, nork ote du?, nork ote du gure kanika? Kanika, kanika, kanika … ". Zutik dagoena, doinuaren erritmoan, banan-banan jolaskideetatik pasatzen joango da. Honek ere eskuak elkartuta edukiko ditu eta besteen eskuen artean sartuko ditu, esan bezala, erritmoa jarraituz. Kantua aurrera doan heinean, nahi duenari utziko dio kanika.  Abestia bukatzen denean haur bat kanika nork duen galdetzen hasiko da, asmatzen ez badu galdetu dion haurrak eskuak erakutsi eta berak jarraituko du kanika nork duen asmatzen. Asmatutako pertsona, hau da, kanika duena erdian jarri eta berriro ere jolasari ekingo dio.
TALDE HAUSNARKETA
 Jolas honetan haurrek begiak itxita mantentzeko duten zailtasunaz jabetu ginen. Behin eta berriro esan arren, beti zegoen norbait begiak erdi irekita zituena. Hala ere, kanika bezalako objektu txiki bat edukitzeak egiten dien ilusioaz konturatu ginen, jolas sinplea izan arren, denen gustuko jolasa izan zen.





IZENA
GOMETSAREN JOLASA.
ITURRI
Ahozko transmisioa.
HELBURUAK
Baztertzeak duen eragina ikusi eta kooperazioa lantzea.
ADINA
 6 urte.
PARTAIDE KOPURUA
15-20 pertsona inguru.
MATERIALA
Gometsak.
DESKRIBAPENA
Irakasleak hainbat koloretako gometsak itsatsiko ditu haurraren kopetan. Haur bakoitzak hitz egin gabe, bere taldekideak aurkitu beharko ditu, hau da, gometsa berdinak dituzten taldekideekin elkartuko beharko dute. Haur horietako batek, inoren berdina ez den gometsa edukiko du. Taldekideak aurkitzen ez dituenean eta bakarrik geratzen denean, irakasleak momentu horretan dituen sentimenduak azaltzeko eskatuko dio.
TALDE HAUSNARKETA
Jolas honetan, haurren artean dauden aldeak ikusi genituen. Zenbait haur geldirik geratzen ziren taldea berarengana etorriko zelakoan, beste  haur batzuek ordea, iniziatiba hartu eta gometsa berdinak zituzten ikaskideak elkartzen saiatzen ziren. Taldekatzeak denbora eskatu arren, ikaskide guztiak elkartzea lortu zuten beren taldea aurkitzea. Bakarrik geratu zen pertsona, irakasleak aukeratu zuen (bakardadearen sentimendua azaltzeko gai izango zen ikaslea). Haur horrek, irakaslearen laguntza izan arren, oso ondo azaldu zuen bere sentimendua eta gainerako haurrak laguntasunak zuen garrantzia jabetu ziren.


No hay comentarios:

Publicar un comentario