lunes, 28 de enero de 2013

JOLAS KOOPERATIBOAK (Laida Olano, Amaia Zubeldia eta Leire Unanue)


1.    JOLASEN FITXAK

2 URTETIK AURRERA
2 urteko haurrentzat bi jolas bakarrik aukeratu ditugu. Adin honetan haurrek gehien bat indibidualki jolasten dute eta horregatik ez ditugu adin honetarako egokiak diren jolas asko aurkitu.

1. JOLASA

  • Jolasaren izena: Taldean altxatzea.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005)

  • Helburuak:

1.    Elkarreragina
2.    Talde kontzeptua bultzatzea.
3.    Sozializazio errazten duten jokabide soziala garatzea
  • Haurren adina: 2 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: Nahi duten guztiek jolas dezakete baina 2 urtekoekin jolasten bada 6-8 baino gehiagorekin jolastea zaila egiten da. Geroz eta zaharragoak izan ume gehiagok parte hartu dezakete.

  • Materiala: Ez da materialik behar.

  • Deskribapena: Umeak biribil batean esertzen dira kanpora begira, biribilari bizkarra emanez. Besoak ondokoarenarekin gurutzatzen dituzte eta seinale bat egiterakoan denak altxatzen saiatu behar dira eskuak askatu gabe. Lortzen ez badute, biribilean esertzen dira eta gaizki atera denaz hitz egiten dute, hurrengo batean berriro ere ez gertatzeko.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Normala denez, bi urteko umeekin hasieran egin genuenean ez zen batere ondo atera denak ipurdiz erori zirelako. Hala ere, saiatu ginen beraiei laguntzen biribil erdian jarrita eta altxatzerakoan bultza eginez laguntzeko. Horrela askoz e hobeto atera zen. Azkenean, asko gustatu zitzaien eta esan dezakegu beraiek bakarrik egiteko gai izan zirela. Hala ere, ikusten bada ez dutela lortzen, komenigarria da partaide gutxiagoko borobilekin saiatzea lortzen duten arte.

2. JOLASA

  • Jolasaren izena: Talde garrasilariak.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Txikitan udalekuetan jolasten genuen jolasa da eta horregatik ezagutzen genuen.

  • Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.
3.    Elkarreragina.
4.    Hitzik gabeko komunikazioa lantzea.
5.    Pentsaera asoziatiboa.
6.    Entzute aktiboa lantzea.
  • Haurren adina: 2 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: 20-25 partaide gehienez.

  • Materiala: Animalien marrazkiak dituzten orriak.

  • Deskribapena: Bi animalia ezberdinen argazkiak edo marrazkiak dituzten orriak prestatzen dira (adibidez txakurra eta katua) eta ume bakoitzari orri bat ematen zaio. Guk esandakoan, ume bakoitzak bere orrian agertzen den animaliak egiten duen soinua egin beharko du eta soinu bera egiten dutenak bateratu egin beharko dira bata besteei lagunduz.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Hasieratik bagenekien 2 urteko umeentzako jolasak ezin zirela zailak izan eta azalpen erraza izan behar zutela. Jolas hau horrela iruditu zitzaigun eta horregatik, egokia iruditu zitzaigun 2 urteko umeentzat.
Praktikan jarri genuenean esperantza asko genituen, pentsatzen genuelako ondo aterako zela, eta horrela izan zen. Nahita aukeratu genituen txakurra eta katua, 2

urteko ume guztiek ezagutzen dituztelako animali hauek eta baita hauen soinua ere. Hasieran, ume guztiei galdetu genien ea bazekiten beren orrian zegoen animalia zein zen eta ea ezagutzen zuten egiten zuen soinua eta denek baietz esan zuten. Beraz, soinua egiten hasteko eta elkartzen hasteko esan genien. Hemen etorri zen arazoa, animalien soinuak nahasten zirenez ez zituzten oso ondo ezberdintzen. Baina pixkanaka lortu zuten elkartzea eta azkenean gure laguntzarekin denak elkartu ziren.
Jolas honen moldaketarik egokiena animali gehiago sartzea da (behia, txerria, astoa, lehoia...). Hori bai, animali gehiago sartzeko umeak zaharragoak izan behar dituzte bestela konplexuegia da.




3 URTETIK AURRERA
            3 urteko haurrekin egiteko ere ez zeuden jolas gehiegi. Hala ere, batzuk moldatuta eta irakaslearen laguntzarekin edo honek gidaturik haurrak jolas hauek burutzeko gai izango direla uste dugu.


3. JOLASA

  • Jolasaren izena: Isatsa bilatzen.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

  • Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Jokabide soziala garatzea.
  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: Nahi duten guztiek parte har dezakete. Geroz eta gehiagok parte hartu, orduan eta luzeagoa izango da sugea eta txikienekin oso erraza izango da suge hori puskatzea. Beraz, 3 urtekoekin 6-8 pertsonetako sugeak egitea da komenigarriena eta umeak orduan eta zaharragoak izan, sugeak orduan eta luzeagoak izateko aukera egongo da.

  • Materiala: Ez da materialik behar.

  • Deskribapena: Partaide guztiak ilaran jartzen dira, bata bestearen atzetik  gerritik helduta. “Bat, bi eta hiru” esaterakoan ilaran lehenengoak azkenekoari  gerritik heltzen saiatu behar du borobila ixteko. Erdian dauden guztiak azkenekoari laguntzen saiatu behar dira lehenengoak ez heltzeko.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):

Jolasaren zatirik zailena umeak ilaran jartzea izan da dudarik gabe. 3 urteko umeak oso mugituak dira eta denak ilaran jartzea eta isil-isilik azalpenak entzuten geratzea ez da batere erraza izan. Azalpena eman eta gero nahiko argi geratu zaie

jolasean egin beharrekoa eta egia esan uste genuena baino hobeto atera da. 3 urtekoez gain, handiagoek ere jolastu dezakete jolas honetara. Azalpenak askoz                   ere hobeto entzungo dituzte eta gainera, lehenak azkena heltzea lortzen duenean,  jolasa jolasten jarraitzeko moldaketa bat proposatzen dugu: bi ilara egitea eta bertan ilara bateko lehenengoak beste ilarako azkenekoari heldu beharko dio gerritik. Hala ere, moldaketa honek jolasa jolas konpetitiboa bihurtuko luke, galtzaile bat eta irabazle bat dagoelako baina taldean lan egin behar dutenez, egokia iruditu zaigu moldaketa bezala proposatzea.



4. JOLASA

  • Jolasaren izena: Marrazkiak taldeetan.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

  • Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Hitzik gabeko komunikazio lantzea.
4.    Emozioak adieraztea marrazkien bidez.

5.    Sormena garatzea.
  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera

  • Partaide kopurua: 6 gehienez.

  • Materiala: Papera, arkatzak eta margoak.

  • Deskribapena: Gehienez 6ko taldeak egingo ditugu. Talde bakoitzari orri bat, arkatz bat eta margoak emango zaizkie. Umeak ilaran jartzen dira eta guk “orain” esandakoan ilarako lehenengo umea marrazten hasiko da. 10-20 segundo barru esaten nahikoa dela esango diogu eta hurrengoak jarraituko du bere taldekideak hasi duen marrazkia osatzen. Taldekide guztiak orrian margotu dutenean bukatuko da jolasa eta gero bakoitzari galdetuko diogu zer marraztu duen eta zergatik, zein helburu duen berak egindakoak marrazki horretan.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Jolasa oso polita iruditu zitzaigun. Ez daude txikienekin jolastu daitezkeen jolas asko eta hau horietako bat da. Gainera, asko gustatu zitzaigun marrazki bat taldean egitea, izan ere, normalean umeak marrazkiak banaka egiten dituzte.
Jolasa praktikan jarritakoan dena oso ondo atera zen, umeak oso ondo pasatu zuten eta gainera marrazki oso politak atera ziren. Arazo bakarra kasu askotan ilara ez zutela errespetatzen izan zen eta beraz,  gu hasi ginen kontrolatzen nork errespetatzen zuen eta nork ez. Baita aldi berean marrazkia egiten zenbat haur zeuden ere. Gauza txiki horiek kontuz kontrolatzen badira benetan merezi duen jolas bat da eta oso erraza gainera.





5. JOLASA

  • Jolasaren izena: Laku magikotik paseatzen.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): http://www.grupo-tucan.com web orrialdetik ateratako jolasa da.

  • Helburuak:

1.    Talde kontzeptua bultzatzea.
2.    Elkarreragina.
3.    Sozializazio errazten duten jokabide sozialak garatzea.

  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: 3 urteko umeekin 15 partaide gehienez, handiagoekin 25-30 gehienez.

  • Materiala: Uztailak.

  • Deskribapena: Jolastu nahi den tokian zehar uztailak jartzen dira. Toki osoa laku magikoa da eta uztailak lakutik ateratzen diren harriak dira. Beraz, umeak

uztailetatik ibili beharko dute, lakura erortzen badira (uztailetik kanpo zapaltzen badute) “izoztuta” geratuko direlako  mugitu gabe. Mugitu gabe geratuko da beste jokalari batek salbatzen duen arte. Salbatzeko, beste jokalari batek besarkada bat eman beharko dio.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Jolas polita iruditu zitzaigun eta ez oso zaila, horregatik saiatu ginen 3 urteko umeekin praktikan jartzen. Ume gehienak nahiko ondo ulertu zuten baino batzuk nahiz eta “lakua” zapaldu mugitzen jarraitzen zuten eta guk esan behar izan genien ezin zutela mugitu uztailetik kanpo zapaltzen bazuten. Gainera oso polita iruditu zitzaigun ikustea nola ume bat “izoztuta” gelditzen zenean gelakide asko joaten ziren berarengana besarkatzea. Beste batzuk aldiz, nahita “izozten” ziren. Baina orokorrean ondo atera zen.
Jolas honen moldaketa bezala (baina ume handiagoekin izango litzateke) umeak binaka jar daitezke. Beraz, uztailetan bi pertsona sartu beharko dira eta ezingo dira askatu. Bat “izoztuta” geratzen bada biak geratu behar dira geldirik eta salbatzera beste bikote bat etorri beharko da besarkada bat emanez bakoitzari. Esan bezala, moldaketa hau 5 urtetik aurrerako umeekin egitea gomendatzen dugu 3 urtekoekin jolasa nola atera zen ikusi eta gero.




6. JOLASA

  • Jolasaren izena: Meteoritoak.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

  • Helburuak:

1.    Hitzezko eta ez hitzezko komunikazioa lantzea.
2.    Elkarreragina.
3.    Talde kohesioa.
4.    Garapen morala bultzatzea.
5.    Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.
  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: Nahi duten guztiak.

  • Materiala: Puxikak.

  • Deskribapena: Umeak jolasa egingo den eremuan banatuko dira. Guk puxika bat askatuko dugu umeak dauden tokian eta puxikak lurra ukitu ez dezan saiatu behar dute. Horretarako beraien eskuekin puxika gorantz eramango dute. Ikusten dugunean puxika batekin ondo egiten dutela, beste puxika bat askatuko dugu, gero beste bat, eta beste bat eta nahi diren puxika guztiak joan daitezke askatzen. Hala ere, puxikak askatzerako orduan kontutan eduki behar da geroz eta puxika gehiago egon, jolasa orduan eta zailagoa izango dela. Beraz, puxikak askatzerako orduan kontutan eduki behar da umeen adina jolasa gehiegi ez zailtzeko.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Suposatu daitekeenez, jolas hau oso ondo atera zen. Ez dauka zailtasunik asko. Hori bai, segituan askatu behar izan genuen bigarren puxika denak borrokatzen hasi zirelako zegoen puxika bakarra ukitzeko, baina puxikak askatzen joan ginenean arazo hau oso azkar konpondu zen.



7. JOLASA

  • Jolasaren izena: Enbor zoroa.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

  • Helburuak:
1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.
  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: 10 partaide gehienez bestela luzeegia egiten delako.

  • Materiala: Ez da materialik behar.

  • Deskribapena: Partaide guztiak lurrean etzanda jartzen dira bata besteen ondoan

tarterik utzi gabe. Lehenengoa etzanda dagoena besteen gainetik pasako da etzanda azkenekora heldu arte eta azkenaren ondoan etzango da. Horrela banaka-banaka denak pasatzen joango dira eta jolasa bukatuko da azkenekoa beste guztien gainetik pasatzen denean. Oso garrantzitsua da etzanda daudenen artean tarterik ez egotea, bestela erortzeko eta mina hartzeko arriskua dago. Garrantzitsua da baita ere jolas hau zapatarik gabe egitea inork minik ez hartzeko.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Jolas hau oso ondo atera zen eta oso gustura geratu ginen ikustean ondo atera zela. Momentu batzuetan batzuk erori egin ziren edo ez zekiten nola jarraitu aurrerantz, beraz lagundu egin behar izan genituen. Arazo txiki hauek handiagoekin ez lirateke gertatuko baina hala ere, merezi duen jolas bat da, oso polita eta gainera umeek oso ondo pasatu zutelako.







8. JOLASA

  • Jolasaren izena: Zubiri-zubiri.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Praktiketan umeak ikusi genituen jolas honetara jolasten.

  • Helburuak:

1.    Elkarreragina.
2.    Talde kohesioa.
3.    Hitzezko komunikazioa.
  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: Nahi duten guztiak.

  • Materiala: Ez da materialik behar.

  • Deskribapena: Bi ume eskutik helduta jartzen dira zubi moduko bat eginez. Gainontzeko haurrak ilaran jartzen dira eta beste bien artetik pasatzen dira abesti hau kantatuz:

Zubiri-zubiri
Nungori-nungo
Nongo alkate zerade?
Frantziako errege baten
Seme-alabak gerade
Zubi hontatik pasatzen dena
Hemen geldituko dela
Hemen geldituko dela


Abestia bukatzean,  bi haurrek besoak jaitsiko dituzte eta ume bat harrapatuko dute. Txokolatea edo marrubia aukeratzeko aukera emango diote eta aukeratzen duenaren arabera baten edo beste baten atzean jarriko da. Denak izan direnean harrapatuak eta baten edo bestearen atzean daudenean kokatuta sokatira modukoa egiten da bata besteei gerritik helduz.
  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Umeak orokorrean nahiko ondo moldatu dira jolas honetan, ezagutzen zutelako eta askotan jolastuta zutelako. Hala ere, kontutan izan behar da ume hauek 3 urte bakarrik dituztela eta irakaslea etengabe egon behar dela umeak gidatzen: denbora guztian zer egin behar duten eta nora joan behar duten esaten. Batzuk gai dira bakarrik eta laguntzarik gabe jolasteko, baina beste askok ezinbestekoa dute irakaslearen laguntza, laguntza hau edukiko ez balute ez lirateke gai izango jolas hau aurrera eramateko.


4 URTETIK AURRERA
            4 eta 5 urteko haurrentzat jolas kooperatiboak ohikoagoak dira eta ondorioz, jolas gehiago aurkitu ditugu adin hauetarako. Adin honetan taldean gehiago jolasten dute eta ez da horrelako indibidualtasunik ageri.

9. JOLASA

  • Jolasaren izena: Ibaia zeharkatu.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Jolas herrikoia dela esan dezakegu eta hiruok ezagutzen genuen, hiruok jolastu dugulako jolas honetara.

  • Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Sozializazioa errazten duten jokabide soziala garatzea.
4.    Garapen morala bultzatzea.

           Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

          Partaide kopurua: 6-8 partaideko taldeak egitea da gomendagarriena.

         Materiala: Egunkariak edo uztailak.

          Deskribapena: Bi marra zehazten dira: bat hasiera izango dena eta bestea helmuga dena. Bi marra hauen tartean dagoena ibaia izango da eta talde bakoitzeko partaideak ibaia zeharkatu behar dute hasierako marratik helmugara. Baina ibaia ezin dutenez hankekin ukitu egunkari orriak edukiko dituzte. Egunkari orri kopuruari dagokionez, partaide kopurua baino orri bat gehiago edukiko du talde bakoitzak. Seinalea ematen denean taldeak ibaia zeharkatu behar du emandako egunkari orriak zapalduz, hauek atzetik aurrera eramanez partaide guztien eskutatik pasatuz.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Argi dago 4 urteko umeak gai direla jolas honetara jolasteko eta hasieratik pentsatu genuen 4 urteko umeekin ondo aterako zela. Jolasa berez ondo atera zen, umeek ulertu zuten eta jolasaren arauak jarraituz lortu zuten ibaia zeharkatzea. Baina konturatu ginen nahiz eta zeharkatzea lortu, egunkari orriak puskatu egiten zirela eta kasu askotan zatiak hain txikiak ziren beharrezkoa zela hankarekin lurra ukitzea.

Horregatik eta jolasa txikienentzat moldatzeko pentsatu genuen beharbada egunkari orriekin partez uztailekin egitea eta modu honetara proba egin ondoren askoz hobeto atera zela ziurtatu genuen.
Gainera ume asko badaude bi talde egin daitezke eta bien artean jolastu daiteke ea nor iristen den lehenago helmugara. Baina orduan jolasa jolas konpetitibo bihurtuko litzateke, helburu nagusia irabaztea izango litzatekeelako. Hala ere, jolasa moldatzeko beste modu bat da.

          





10. JOLASA

·         Jolasaren izena: Marrazkiak diktatu.

·         Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

·         Helburuak:

1.    Elkarreragina.
2.    Hitzezko komunikazio lantzea.
3.    Entzute aktiboa lantzea.
4.    Ulermen eta adierazpen kognitiboa bultzatzea.
5.    Arreta lantzea.
6.    Sormena.
        
·         Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

·         Partaide kopurua: 2.

·         Materiala: Papera, arkatzak eta marrazkiak.

·         Deskribapena: Umeak binaka jartzen dira baina bata besteari bizkarra emanez. Bati marrazki bat ematen zaio (kasu askotan marrazki abstraktu bat) eta besteari orri bat eta arkatza. Marrazkia duen umeak marrazkia nolakoa den deskribatu behar dio bere bikotekideari. Arkatza eta orria duena saiatu behar da bestea azaltzen ari zaiona marrazten baina galderarik egin gabe. Deskribatzaileak marrazkia azaldu ondoren honek buelta emango dio eta bi marrazkiak alderatuko dituzte.

·         Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Jolas hau hasieran zaila iruditu arren polita iruditu zitzaigun eta horregatik erabaki genuen praktikan jartzea. Harrituta geratu gara emaitzekin. Izan ere, jolasa oso ondo atera zen, guk espero genuena baino askoz ere hobeto. Umeei asko gustatu zitzaien eta oso ondo atera zen. 4 urtekoak izanik batzuei asko kostatzen zitzaien marrazkia azaltzea eta beste batzuek ez zuten ondo ulertzen deskribatzaileak esandakoa. Baina oso ondo atera zen eta helbururik garrantzitsuena bete zen: umeek ondo pasatzea.
·   




11. JOLASA

          Jolasaren izena: Sugea.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Taldekide guztiek ezagutzen genuen txikitako jolas bat da.

           Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Sozializazio errazten duten jarrera sozialak garatzea.
4.    Garapen morala.

           Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: Nahi duten guztiek jolastu dezakete baina 20 ume baina gehiago badaude gomendagarria da jolasteko pentsatutako tokia bitan banatzea,

bestela jolasa luzeegia gertatuko litzateke.

           Materiala: Ez da materialik behar.

           Deskribapena: Borobil bat egingo da lurrean eta jokalari guztiak honen barruan kokatuko dira. Hauetariko bat, sugea izango da eta  gainontzeko jokalariak harrapatzen saiatuko da. Baten bat harrapatzen duenean, honen atzean jarriko da, suge luzeagoa eginik eta horrela pertsona bat harrapatzen duen bakoitzean. Lehenengoak soilik harrapatu dezake, baina beste guztiek lagundu egin beharko diote (beste jokalariak ixten, azkar mugituz...). Jolasa denak suge bihurtzean bukatuko da.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Praktikan jartzerako orduan lehenengo gauza umeei jolasa azaltzea da. Azaldu genienean denek ezagutzen zuten jolasa beraz oso erraza izan zen. Dena oso ondo atera zen aurrez jolasa ezagutzen zutelako eta oso ondo pasatu zuten denek.
Jolasa moldatzerako orduan, aukera bat izan daiteke bi suge sartzea eta bakoitza saiatzea ahalik eta pertsona gehien harrapatzen luzeagoak izateko. Denak harrapatuta daudenean bi suge luze osatuz, suge bakoitzak beste sugearen buztana harrapatu beharko du.
           



12. JOLASA

           Jolasaren izena: Lagunei laguntzea.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

           Helburuak:

1.    Sozializazio errazten duten jarrera sozialak garatzea.
2.    Talde kohesioa.
3.    Elkarreragina.
4.    Garapen morala.

           Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: Nahi duten guztiak.

           Materiala: Arroz motako harriz beteta dauden poltsatxoak (psikomotrizitate gelan aurkitzen dira normalean).

           Deskribapena: Ume bakoitzari poltsa bat emango zaio eta hau buruan mantendu beharko dute. Gelan zehar mugitzen hasiko dira eta batzuei poltsa eroriko zaie. Orduan, umea “izoztuta” geldituko da eta ezin izango da mugitu. Poltsa gainean duen partaide batek etorri beharko du bere poltsa jasotzera baina kontuz jaso beharko du kidearen poltsa berea eror ez dakion. Izan ere, beste baten poltsa hartzen duen bitartean jasotzen ari denari poltsa eroriko balitzaio, hau ere “izoztuta” geratuko litzateke.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Jolasa lehenengo aldiz jolasten hasi zirenean nahiko gaizki atera zen, denei

erortzen zitzaien beraien poltsatxoa. Inork ez zuen lortzen beste baten poltsa hartzea berea erori gabe. Hasieran geratu ziren denak “izoztuak” eta horregatik berriro saiatzea erabaki genuen. Bigarren saiakera honetan askoz ere hobeto atera zen eta esan dezakegu orokorrean jolasa nahiko ondo atera zela eta ez zela bukatu guk erabaki arte.
           



13. JOLASA

           Jolasaren izena: Pauso zaila.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

           Helburuak:

1.      Hitzezko komunikazio lantzea.
2.      Entzute aktiboa lantzea.
3.      Sozializazioa errazten dute jokabide sozialak garatzea.
4.      Elkarreragina
5.      Talde kohesioa.

           Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: 4 partaide gehienez talde bakoitzetik.

           Materiala: Begiak estaltzeko zapiak.

           Deskribapena: Bide bat prestatzen da. Talde bakoitzak aukeratzen du taldekide bat bide hori egiteko. Bidea egin behar duenari begiak estaltzen zaizkio zapiarekin eta bere taldekideek esango diote eskuinera edo ezkerrera joateko, azkarrago edo polikiago joateko... Horrela helmugara heldu arte. Gero beste batek egingo du bidea, azkenean taldeko 4 partaideak egiten duten arte.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Jolasa erraza da ulertzeko eta egiteko. Beraz ikusi genuen zailtasun bakarra izan zen ume batzuek ez zutela eskuina eta ezkerra ezberdintzen baina jolas honi esker ikasi egin zuten eta behin ikasita jolasa askoz ere hobeto atera zen.
           



14. JOLASA

           Jolasaren izena: Aulkien jolas kooperatiboa.

          Iturria (nondik lortu den jolasa): Taldekideetako bat aisialdi talde bateko monitorea da eta bertan ezagutu zuen.

           Helburuak:

1.    Elkarreragina.
2.    Talde kohesioa.
3.    Sozializazio errazten duten jokabide sozialak garatzea.
4.    Emozioak adieraztea musika mugimenduaren bitartez.

           Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: 5 partaide gehienez.

          Materiala: Aulkiak eta musika aparatua.

           Deskribapena: Betiko aulkien jolasaren antzekoa da baina ez da inor eliminatzen. Parte hartu behar duten umeen aulki kopuru bera jartzen da borobil bat osatuz. Musika jartzen da eta umeak zutitu eta biribilean mugituko dira, aulkien ondotik pasatuz. Musika gelditzerakoan, ume bakoitza aulki batean eseri beharko da. Normalena da pentsatzea aulkirik gabe geratzen den umea kanporatuta geratuko dela (betiko aulki jolasa horrela delako). Baina kasu honetan ez da horrela, aulkirik gabe geratzen denari, aulkietan eserita daudenek lekua egin beharko diotelako beraiekin esertzeko. Hau da, aulkiak kentzen joango gara baina ez da umerik kanporatzen. Beraz, aulki bat bakarrik geratzen denean, 5 umeak aulki berean eseri beharko dute batak besteari lagunduz denak aulki bakar batean sartzeko.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):

Umeek aulki jolasa ezagutzen zutenez oso erraza izan da jolas hau azaltzea. Praktikan jarri dugunean ikusi dugu umeek jolasa ulertu dutela eta gainera elkarri laguntzen ziotela ikusi dugu, oso polita izan da benetan ikustea nola jolasten zuten.
Jolas honetarako moldaketa bat izan daiteke 5 pertsonek bakarrik jolastu ordez, nahi duten guztiek jolastea. Honek esan nahi du jokalari asko badaude ez direla inoiz iritsiko denak aulki bakar batean jartzera. Hala ere, polita izan daiteke jolas hau 20-30 pertsonekin jolastea eta 6-8 aulkirekin bakarrik bukatzea. Baina kontuz ibili behar da, izan ere, umeek mina hartu dezakete.
Beste moldaketa bat izan daiteke uztailekin jolastea. Umeak oraindik oso txikiak dira eta mina hartu dezakete aulkietara igotzean beraz errazagoa eta ziurragoa da uztailekin jolastea.
          










15. JOLASA

           Jolasaren izena: Antiezkutaketa.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Taldekideetako bat monitorea bezala egon da uda honetan udalekuetan eta bertan umeek jolastu zuten jolasa da.

          Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.

           Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: 8-10 partaide gehienez talde bakoitzeko.

           Materiala: Ez da materialik behar.

           Deskribapena: Ezkutaketaren betiko jolasa bezala da baina alderantziz. Hau da, ezkutaketa normalean, denak ezkutatzen dira eta batek aurkitu egin behar ditu beste guztiak. Baina antiezkutaketan bat bakarrik ezkutatzen da eta bere taldeko

guztiek aurkitu egin beharko dute. Banaka joango dira leku guztietatik bilatzen eta batek aurkitzen duenean ez die besteei esan behar non dagoen, norbaitek aurkitzen duenean berarekin ezkutatuko da isil-isilik. Jolasa bukatuko da ezkutatua zegoena denek aurkitzen dutenean.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Jolas hau oso interesgarria iruditu zitzaigun. Izan ere, ume guztiek ezagutzen dute ezkutaketa jolasa eta askotan jolastu dute, baina bagenekien antiezkutaketa ez zutela ezagutuko. Azaltzen hasi ginenean eta galdetzean ea ezkutaketa jolasa ezagutzen zuten denak baietz esan zuten baina jolas hau guztiz kontrakoa zela esatean jolasteko irrika handia sortu zitzaien. Ulertzeko erraza denez, ez zuten zailtasunik izan.
Jolasa martxan jartzerakoan, dena oso ondo joan zen, baina batek ezkutatuta zegoen bere taldekidea aurkitu zuenean garrasika hasi zen esaten aurkitu zuela. Azaldu genion ez zuela garrasirik egin behar, berarekin isilik ezkutatzeko baizik. Berriro hasi ginen jolasarekin eta bigarrengoan oso ondo atera zen. Inork ez zuen garrasirik egin eta nahiz eta azkenekoei pixka bat kostatu beraien taldekidea aurkitzea, azkenean lortu zuten eta denek irabazi zuten.
           





16. JOLASA

           Jolasaren izena: Besarkada musikal kooperatiboak.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

           Helburuak:

1.    Elkarreragina.
2.    Talde kohesioa.
3.    Hitzik gabeko komunikazioa.
4.    Sozializazio errazten duten jokabide sozialak garatzea.
5.    Garapen morala.
6.    Emozioak adieraztea musikaren bitartez.
7.    Autokontzeptua hobetzea.

           Haurren adina: 4 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: Nahi duten guztiak.

           Materiala: Musika aparatua.

           Deskribapena: Musika jartzen da eta umeak kokatuta dauden lekutik banaka mugituko dira. Musika gelditzean guk esango dugu zenbanaka besarkatu behar diren (adibidez binaka). Orduan umeak bikoteka besarkatuko dira. Gero musika berriro jarriko da. Berriro ere gelditzean beste zenbaki bat esango dugu umeak besarkatzeko, baina kasu honetan aurreko zenbakia baino handiagoa (adibidez 4). Horrela, pixkanaka, geroz eta besarkada handiagoak eskatuko ditugu, azkenean denak batera besarkatzeko esan arte. Zenbanaka jarri behar duten esan baino lehenago zenbat parte hartzaile dauden zenbatu behar da, inor ezin delako besarkatu gabe geratu.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):

Jolas hau oso polita iruditu zitzaigun, batez ere azkenean denak besarkatzen direlako. Horrek asko laguntzen du taldeko inor ez baztertzen eta norbait baztertuta badago taldeko zati garrantzitsu bat dela sentiarazten.
Uste dut hoberen atera den jolasa izan dela hau. Denek ulertu eta parte hartu zuten. Denek pasatu zuten ondo eta gainera ez zen arazorik egon. Ikusi genuen denak denekin besarkatzen zirela. Nahiz eta gainontzeko jolasetan batzuekin beste batzuekin baino gehiago ibili, jolas honetan ez zen hori gertatu. Denak denekin besarkatu ziren eta oso polita izan zen ikustea bukaeran denak nola besarkatzen ziren.
           





5 URTETIK AURRERA

17. JOLASA

  • Jolasaren izena: Orbana eta taldea.

  • Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

  • Helburuak:

1.    Talde kohesioa.
2.    Elkarreragina.
3.    Entzute aktiboa lantzea.

  • Haurren adina: 3 urtetik aurrera.

  • Partaide kopurua: Nahi duten guztiak hartu dezakete parte.

  • Materiala: Txilibitua.

  • Deskribapena: Ume guztiak espazio konkretu batean libre daude banaka, baina horietako bat orbana da. Irakasleak txilibitua hainbat aldiz joko du, 3 adibidez. Orduan, ume guztiak hirunaka jarriko dira eta orbana saiatuko da talde bakar batean oraindik sartu ez den bat ukitzen eta horrela ukitzen duen hori orbana bihurtuko da. Jarraian, irakasleak berriro ere txilibitua joko du umeak berriro ere taldekatzeko.

  • Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Hasiera batean jolasa 3 urteko haurrentzat egitea pentsatu genuen. Gero ordea konturatu ginen jolas hau zailegia dela 3 urteko umeentzat, askok ez baitakite ongi kontatzen eta beraz zailtasun asko aurkituko genituen praktikan jartzerakoan.
Ondoren, jolasa 5 urteko umeekin praktikan jarri genuen eta ongi atera zen, nahiz eta batzuetan kostatu egiten zitzaien eta lagundu egin behar izan genien.
·        


















18. JOLASA

·         Jolasaren izena: Altxorraren bila.

·         Iturria (nondik lortu den jolasa): Taldekideetako bat aisialdi talde bateko monitorea da eta bertan ezagututako jolasa da.

·         Helburuak:

1.    Elkarreragina.
2.    Talde kohesioa.
3.    Sozializazio errazten duten jokabide sozialak garatzea.
4.    Hitzezko komunikazioa lantzea.
5.    Oroimena lantzea.
6.    Arreta lantzea.

·         Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

·         Partaide kopurua: Nahi duten guztiek jolastu dezakete baina komenigarria da 8-10 ume dituzten taldeak egitea. Ume kopuruaren arabera, parte hartuko duten talde kopurua ere aldatu egingo da.

·         Materiala: Kartulinak, kaxak eta gozokiak.

·         Deskribapena: Parte hartu nahi duten umeen artean, 8-10 ume dituzten taldeak osatzen dira. Talde bakoitzari pista bat emango zaio eta pista honek jolasten ari garen lekuko puntu konkretu batetara eramango ditu umeak. Puntu horretan kartulina zati bat edukiko dute (hasieran esandakoaren koloreko kartulina bakarrik hartu beharko dute) eta bertan mapa zati bat (mapa jolasten ari garen lekukoa izango da). Kartulina hartutakoan guregana bueltatuko dira eta guk beste pista bat emango diegu hurrengo kartulina aurkitzeko. Azkenean, kartulina zati guztiak batzean leku osoaren mapa edukiko dute eta bertan puntu batez leku bat egongo da markatuta. Umeak leku horretara joatean beraien altxorra aurkituko dute: kaxa bat taldekide guztientzako gozokiekin.

·         Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.):
Joko hau 5 urteko umeekin probatu dugu iruditzen zitzaigulako txikiagoentzat ulertzeko zaila izan zitekeela. Gainera denak alde batetik bestera taldean ibiltzea, bat ere bidean geratu gabe edo galdu gabe txikiagoekin oso zaila da. Esan bezala, 5 urtekoekin oso ondo atera zen, beraiek oso ondo pasatu zuen eta denak irabazi zutenez ez zen gatazka egoerarik suertatu. Egia da, lehenengo bukatu zutenak beraien burua besteekiko irabazle bezala ikusten zutela, baina beranduago bukatu zutenek ere beraien burua irabazletzat jotzen zuten, azken finean altxorra aurkitu zutelako eta hori zelako jokoa irabazteko egin behar zena.
Nahiz eta joko hau berez 5 urtetik gorakoentzat pentsatuta egon, txikiagoekin ere egin daiteke. Baina horretarako, ezinbestekoa da jolasa moldatzea. Horretarako errazena pista bakar bat ematea da eta pista horrek zuzenean altxorrera eramatea.
·        


19. JOLASA

           Jolasaren izena: Robotak.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

·          Helburuak:

1.        Talde kohesioa.
2.        Elkarreragina.
3.        Taldekideak elkar ezagutzea.
4.        Arreta lantzea.
5.        Autokontzeptua hobetzea.

          Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: 6-8 partaideko taldeak.

           Materiala: Ez da materialik behar.

           Deskribapena: Talde bakoitzak erabakiko du beraien artean nor izango den “ingeniaria”. Denen arten soinu bat erabakiko dute eta hori izango da talde horren soinua. Robotak ibiltzen hasiko dira, baina hauek zuzen bakarrik joan dezakete, ezin dira ez eskuinera eta ezta ezkerrera joan. Beraz, zuzen bakarrik joanik askotan topatuko dituzte oztopoak (pareta, beste robot bat....) eta orduan bere taldeko soinua egin beharko dute. Soinua egiterakoan talde horretako “ingeniaria” etorriko da eta norabidez aldatuko du. Robotak ibiltzen jarraituko du beste oztopo bat aurkitu arte...

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Jolasa orokorrean ongi irten da. Hala ere, talde asko egotearen ondorioz soinu asko nahasten ziren eta askotan “ingeniariek” ez zekiten noiz deitzen zieten beraien taldekideek.
Moldaketa bezala taldeko ingeniari bakarra egon beharrean bat baina gehiago egotea erabaki dugu. Hau da, talde guztiek soinu bera egitea eta edozein ingeniari beraiengana joatea.

·        




20. JOLASA


           Jolasaren izena: Zikoinak.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Taldekide bat monitorea bezala ibili da uda  honetan udaleku batzuetan eta bertan ikasitako jolasa da.

           Helburuak:

1.      Talde kohesioa.
2.      Elkarreragina.
3.      Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.
4.      Arreta lantzea.
5.      Enpatia garatzea.
6.      Eraikuntzarako sormena garatzea.

           Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: Nahi duten guztiak baina 3ko taldeak egin behar dira.

          Materiala: Musika aparatua.

           Deskribapena: Partaideen artean 3 kideko taldeak egiten dira. 3 horietako bat biribil batean jarriko da. Beste biak bere atzean jarriko dira horrela 3 biribil sortuz (taldekide bakoitza biribil ezberdin batean dago). Musika jartzen da eta lehenengo biribilekoak erlojuen orratzen noranzkoan mugitzen hasiko dira. Bigarren biribilekoak erlojuen orratzen kontrako aldera mugituko dira eta hirugarrenak

lehenengoak bezala, hau da, erlojuen orratzen aldera mugituko dira. Musikagelditzen denean, hirukotea aurkitu egin behar da eta hiruen artean erabaki beharko dute zein bik eramango duten hirugarrena gainean erreginaren aulkian (bakoitzak hanka bakoitzetik helduta). Horrela jarrita daudenean, hasieran marraztutako marraraino iritsi behar dira hirurak. Ez du balio bidetik erortzeak, erortzen badira lagundu egin beharko dira berriro erreginaren aulkian bezala jartzeko eta helmugara iristeko.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Jolasa nahiko zaila da azaltzeko. Behin ulertzen denean oso erraza da jolasteko eta oso dibertigarria baita ere. Hasieran ulermen arazoak egon ziren eta egindako lehenengo saiakeran ez zen oso ondo atera. Bigarrenean lortu genuen hirukote bakoitzak bueltak eman behar zituen aldera ematea eta baita aurkitzea ere, baina erreginaren aulkian jartzerako orduan batzuk erori egiten ziren. Hala ere, denak iritsi ziren helmugara eta azken finean jolasaren helburuetako bat da jolasa irabazteko bata besteei laguntzea, beraz, helmugara iritsi baino lehen erortzeak ez du esan nahi jolasa gaizki atera denik.
           





21. JOLASA

           Jolasaren izena: Banku gainean ordenatu.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Txikitan askotan jolastutako jolasa da.

           Helburuak:

1.      Talde kohesioa.
2.      Elkarreragina.
3.      Sozializazio errazten duten jokabide sozialak garatzea.
4.      Hitzik gabeko komunikazioa.
5.      Arreta lantzea.

           Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: 5 partaide gehienez banku bakoitzeko.

           Materiala: Banku luze bat.

           Deskribapena: Umeei esaten zaie banku baten gainean zutik jartzeko. Denak zutik daudenean, esaten zaie altueragatik ordenatzeko: altuenetik txikienera. Baina baldintza batzuk daude: ezin dute hitz egin, eta bankutik jeitsi gabe ordenatu behar dira.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Lehenengo saiakeran ume guztiak erortzen ziren bankutik. Esan genien lasaiago egiteko, presarik ez zegoela eta ahal zuten denbora guztia hartzeko. Berriro saiatu ziren eta bata besteei helduz eta poliki-poliki azkenean lortu zuten denak alturagatik ordenatzea. Hala ere, argi zegoenez ez ziren isilik egon eta hitz egin zuten, baina gure ustez jolasaren helburu nagusiena bete egin zen: denak ordenatzea bata besteei lagunduz. Eta lortu zutenez, denek irabazi zuten jolasa.
Jolas honen moldaketa izan daiteke alturagatik ordenatu ordez zaharrenetik gazteenera ordenatzea, izena kontuan edukiz orden alfabetikoz ordenatzea (abizenarekin ere egin daiteke). Baina kontutan edukita umeek 5 urte bakarrik

zituztela, guretzat errazena alturagatik ordenatzea  izan zen. Zaharragoak diren umeekin saiatu daiteke esandako beste alternatibak irizpide hartuz ordenatzea.




22. JOLASA

           Jolasaren izena: Asterix eta Obelix.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Taldekideetako bat aisialdi talde bateko monitorea da eta bertan ezaguturiko jolasa da.

           Helburuak:

1.      Talde kohesioa.
2.      Elkarreragina.
3.      Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.

           Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: Nahi duten guztiak.

           Materiala: Pintzak, zapiak eta klariona.

           Deskribapena: Parte hartzaile guztiekin bi talde egiten dira. Batzuk Asterix izango dira eta beste batzuk Obelix. Taldekide bakoitzari pintza bat, zapi bat eta klariona

           bat emango zaizkio. Talde bakoitzak bere “etxea” edukiko du eta bertan utziko dituzte irabazten doazen pintza, zapi eta klarionak. Jolasa hasteko deia egin ondoren inurri guztiak korrika abiatuko dira beste taldeko norbait harrapatzera. Baten bat harrapatuz gero, biak ados badaude, bien arteko lehia egin behar dute. Harrapatua izan denak aukeratuko du zer lehia mota egin nahi duen: pintzarena, klarionarena edo zapiarena. Lehia mota bakoitzean jolasa horrela jolasten da:

- PINTZAREN LEHIA: Pintza beste lehiakidearen arropan jartzen saiatu behar dute. Hori lehenengo lortzen duenak berarentzat hartuko du beste jokalariaren pintza. Irabazten duenak galdu duenaren pintza hartuko du eta bere taldeko “etxera” eramango du, bere taldekideetako batek pintzaren lehian pintza galdu badu, pintza hori hartzeko eta pintzaren lehian parte hartzeko aukera edukitzeko.
- KLARIONAREN LEHIA: Klarionarekin beste lehiakidea margotu behar du (arropan, aurpegien, besoetan...). Irabazten duenak galdu duenaren klariona hartuko du eta bere taldeko “etxera” eramango du, bere taldekideetako batek klarionaren lehian klariona galdu badu, klariona hori hartzeko eta klarionaren lehian parte hartzeko aukera edukitzeko.
-ZAPIAREN LEHIA: Biak zapia praka barnean sartuko dute ipurdi aldean, isatsa balitz bezala eta bata besteari kentzen saiatuko dira. Irabazten duenak galdu duenaren zapia hartuko du eta bere taldeko “etxera” eramango du, bere taldekideetako batek zapiaren lehian zapia galdu badu, zapi hori hartzeko eta zapiaren lehian parte hartzeko aukera edukitzeko.
Jolasa bukatzea oso zaila da, oso zaila delako talde batek beste taldekoen objektu guztiak eskuratzea beraz, 15-20 minutu pasatutakoan jolasa bukatutzat ematen da.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Kontutan eduki genuen jolasa zaila izango zela. Baina hala ere saiatu ginen. Hasieran kaos bat izan zen eta horregatik erabaki genuen jolasa erraztea zapiak bakarrik erabiliz. Beraz, zapien lehian bakarrik jolastuko zuten. Modu honetan, jolasa erraztu genuen baina jolasaren esentzia mantenduz (irabazten zuenak

irabazitakoa bere “etxera” eraman behar zuela bere taldekideak jolastu ahal izateko). Erraztean askoz ere hobeto atera zen eta erabaki dugu jolas hau Haur Hezkuntzako umeekin objektu batekin bakarrik egitea komenigarria dela. Gainera aldi berean, objektu bakar batekin eginez jolasa moldatzen ari gara.





23. JOLASA

           Jolasaren izena: Makina bat eraikitzea.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

          Helburuak:

1.      Talde kohesioa.
2.      Elkarreragina.
3.      Sozializazio errazten duten jokabide sozialak garatzea.
4.      Hitzezko komunikazioa lantzea.
5.      Eraikuntzarako sormena.
6.      Sinbolizazio ahalmena.

           Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: 8-10 partaide gehienez.

           Materiala: Ez da materialik behar.



           Deskribapena: 8-10 partaideko taldeak egiten dira eta beraien artean aukeratuko dute zein makina izan nahi duten. Erabakitakoan zein makina izan nahi duten, taldeko bat makina horren zati bat egiten hasiko da. Adibidez, trena erabakitzen badute bat motorrarena egiten hasiko da eta motorraren soinua aterako du. Gero, banaka bere taldekideak batuko zaizkio eta bakoitzak trenaren zati bat egingo du: batek gurpilak, beste batek aulkiak…

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Jolas hau oso kooperatiboa da. Azken finean taldekide guztiak behar direlako makina osatzeko, kide batek bakarrik ezin du makinarik sortu (horretarako besteen laguntza behar du). Horregatik oso jolas polita iruditu zitzaigun eta umeekin praktikatzea erabaki genuen.
Azaltzerakoan oso argi geratu zen eta denek ulertu zuten. Umeak taldean jartzerakoan, ideia asko bota zituzten eta lagundu izan behar genien hainbeste makina esan eta gero egokiena aukeratzeko. Aukeratutakoan, lehenengo 3 edo 4ek argi zuten makinako zein zati izango ziren, baina hurrengoak ez eta guk lagundu behar izan genien makina horien zatiak aipatuz.



 







24. JOLASA

           Jolasaren izena: Haizea eta zuhaitza.

           Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

           Helburuak:
1.     Talde kohesioa.
2.     Elkarreragina.
3.     Autokontzeptua garatzea.
4.     Enpatia lantzea.
5.     Sozializazioa errazten duten jokabide sozialak garatzea.

           Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

           Partaide kopurua: Nahi duten guztiak baina 5-6ko taldeak egin behar dira.

           Materiala: Ez da materialik behar.

           Deskribapena: 5-6 kideko taldeak egiten dira. Biribil batean jarriko dira eta bat biribil erdian geratuko da. Biribil erdian dagoenak begiak itxiko ditu eta zuzen mantenduko da. Biribila osatzen dutenak alde batetik bestera bultzatuko dute baina ondo helduz hau eror ez dadin. 2 minutu igarotakoan, beste bat jarriko da erdian eta azkenean taldeko guztiak pasako dira erditik.

           Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
5 urteko umeekin konfiantza lantzea oso garrantzitsua da. Bakoitzak bere buruarengan konfiantza eduki behar du eta baita gainontzeko kideekiko ere. Jolas hau bi gauza horiek lantzeko aproposena dela iruditzen zaigu.
Praktikan jarri genuenean argi utzi behar izan genien umeei erdian zegoena bultzatzerakoan kontuz egin behar zutela, ezin zelako erori. Hori argi geratu zenean jolasa martxan jarri genuen eta egia esan pertsona gutxiko taldeak zirenez oso ondo atera zen. Agian pertsona gehiagoko taldeak egin izan bagenitu, ez zen hain ondo aterako eta ume bat edo beste eroriko litzateke, baina kasu honetan, zorionez, ez zen inor erori.


 







25. JOLASA

·         Jolasaren izena: Auto garbitzailea.

·         Iturria (nondik lortu den jolasa): Fernández eta Llamazares (2005).

·         Helburuak:

1.      Talde kohesioa.
2.      Elkarreragina.
3.      Sozializazio errazten dute jokabide sozialak garatzea.
4.      Autokontzeptua garatzea.
5.      Sinbolizaziorako ahalmena.

·         Haurren adina: 5 urtetik aurrera.

·         Partaide kopurua: Nahi duten guztiak.

·         Materiala: Ez da materialik behar.

·         Deskribapena: Taldeak bi ilaratan banatzen dira bata besteei begira. Bikote bakoitza bata besteari begira, autoak garbitzen dituen makina bat bihurtzen dira. Beraien erditik pasatzen  diren “autoak” (taldekideak) laztandu eta igurtzi egiten dituzte. Bukaerara iristean, erditik pasa den taldekidea ere autoak garbitzeko makina bihurtuko da eta bere erditik pasatzen direnak laztandu eta igurtzi beharko ditu. Jolasa partaide guztiak erditik pasatzen direnean bukatzen da.

·         Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa (nola irten den jolasa, egin daitezkeen moldaerak, etab.)
Oso jolas polita iruditu zitzaigun eta denen parte hartzea eskatzen duena. Umeei asko gustatu zitzaien, oso ondo sentitu zirelako erdian zeudenean. Batzuetan mutiko batek laztandu partez, erditik pasatzen zirenak jo egiten zituen baina berarekin hitz egin genuen eta jolasa ondo egiten jarraitu zuen.
Umeak oso gustura aritu ziren eta bukatutakoan denak maitatuak eta taldeko zati garrantzitsua zirela sentitu zuten.
·         



No hay comentarios:

Publicar un comentario