viernes, 1 de febrero de 2013

Jolas kooperatiboak (Naiara Herranz, Leire Arrese-Igor, Maialen Gorrotxategi eta Gema Legorburu)

Gelakideak ezagutzeko jolasak

Nire bizilagunak ezagutzen ditut
- Iturria: Urtxintxa ikastaroan ikasitako jolasa.
- Helburuak:
·         Ikasgelako pertsona guztien elkar ezagutza, besteen kontzientzia hartzea.
·         Ikasle bakoitza estimatua eta baloratua sentitzea.
·         Bekaizkeria eta mespretxua deuseztatzea.
·         Ikasleen arteko harremanak sustatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean eta irakaslea erdian arduradun bezala.
- Materiala: Ez da materialik behar.
- Deskribapena: Ikasle guztiak borobilean jarriko dira eta erdian irakaslea edo arduradun bat jarriko da. Arduradunak pertsona baten izena esango du eta, honek, bere alboko pertsonen izenak esan beharko ditu. Orduan, arduradunak kriterio bat esango du (Adb.: kamiseta txuria dakatenak) eta horiek lekuz aldatu beharko dira bere kriterio berdina duten pertsonekin.
Umeek oraindik ezagutzen ez badira, aldaera bar sartu ahal da: erdiko umea besteen izenak ondo esaten baditu, posizio berdinean jarraituko dira umeak. Gaizki esaten baditu, kriterioen arabera aldaketa egingo da.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Kurtso hasiera pasata jarri genuen praktikan 5 urteko umeekin, beraz, umeek bere ikaskideen izen gutxi batzuk bazekiten oraindik. Bere albokoen izenak baldin badakite, oso pozik esaten dituzte baina, baldin ez badakite, larritu egiten dira, baina jolasa humorez jarraitzen dute.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

Zein gelakide da?
- Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak:
·         Ikasle bakoitza estimatua eta baloratua sentitzea.
·         Ikasleen arteko harremana sustatzea.
·         Ikaskideak diren moduan onartzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10-25 haur bitartean.
- Materiala: Ez dago materialik.
- Deskribapena: Gelako haur guztiak korro bat osatu beharko dute. Korroa osatu ondoren irakasleak adierazten duen momentuan haur guztiak begiak itxiko dituzte. Irakasleak orduan haur batzuen posizioa aldaketa burutu ondoren bakoitzak  alboan duena ezagutu beharko du. Nola? Ukimena erabiliz. Haurrak bere alboan duenaren izena esan beharko du.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

 

 

 

 

 

6.2.
 
 
Abestiak

“Ez Goaz Lanera” Alferraren Astea
-Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak:
·         Taldearen barruan integratua sentitzen laguntzea.
·         Gelakideen arteko harremanak hobetu.
·         Ikasleak taldean jolasten ikastea.
·         Besteekiko errespetua.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10-25 ume eta Irakaslea laguntzaile moduan, erritmoa eta letrekin laguntzeko.
- Materiala: Musika.
- Deskribapena: Alferraren Astea “Ez Goaz Lanera” abestia erabiliz, normalean, haurrek asteko egunak ikasteko erabiltzen den  jolasa da, baina, kasu honetan, goizero talde bezala elkarrekin egiteko ekintza bat bezala erabiliko dugu. Abesti herrikoi honekin umeek asteko egunak ikasten dituzte (Astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata eta igandea). Haurrek klase hasieran abestuko dute eta dagokion egunari erreferentzia eginez abestuko dute.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Oso dibertigarria egiten zaie kantu bidez jolasean aritzea.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:
Astelehena,
jai ondoko alperra,
lanik ez egiteko,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera, (lau)
 
Asteartea,
euria goitik behera,
bustiko ez bagara,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera, (lau)
 
Asteazkena,
osabaren ezkontza,
berak nahi baldin badu,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera, (lau)
Osteguna,
amonaren eguna,
hori ospatzeko,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera, (lau)
 
Ostirala,
haginetako mina,
aspirina hartuta,
bagoaz ohera,
ez goaz lanera, (lau)
 
Larunbata,
egun erdiko lana,
egun erditxogatik,
ez goaz lanera,
ez goaz lanera, (lau)
                            Igandea,
lantegiak itxita,
lana egin nahi baina,
ezin joan lanera,
ez goaz lanera, (lau)
 
 
 

 

Koloreak ikasten
-Iturria: Ekarpen pertsonala.
-Helburuak:
·         Taldeka kooperatzen ikastea.
·         Ikasle bakoitza estimatua eta baloratua sentitzea.
·         Talde kohesioa indartzea.
·         Ingurunearekiko adaptazio gaitasuna eta interakzio gaitasuna garatzea.
-Haurren adina: 4-6 bitartean.
-Partaide kopurua: 10-25 haur bitartean.
-Materiala: Kolore desberdinetako paper zatiak eta musika.
-Deskribapena: Gelakide guztiak borobil batean esertzen dira alfonbran eta abestia hasten dira kantatzen. Ume bakoitza kolore ezberdin bat du bere eskuetan eta bere kolorea kantatzen denean, altxatzen da eta paper zatia astintzen du. Bukatzean, esertzen da eta beste bat altxatzen da kolorez aldatu dutelako.
            -Abestia:
             Koloreak ikasten, koloreak ikasten,
          koloreak ikasten ari gara. (bis)
          Gu gara gorriak,
          gorriak gara gu,
          odola bezala,
          gorriak gara gu.
          Gu gara berdeak,
          berdeak gara gu,
          belarra bezala,
          berdeak gara gu.
          Gu gara horiak,
          horiak gara gu,
          eguzkia bezala,
          horiak gara gu.
          Gu gara urdinak,
          urdinak gara gu,
          zerua bezala,
          urdinak gara gu.
          Gu gara txuriak,
          txuriak gara gu,
          elurra bezala,
          txuriak gara gu.
-Jolosa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Taldeak oso ondo egin du eta ez dira nahastu. Asko gustatu zaie jolasa eta papera koloreekin astintzean oso fuerte egiten zuten motibatuak zeudelako. Batzuetan baten bat bere kolorea esan duela ez da enteratu baina besteak ikusi duenean, azkar azkar altxatu da.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:
 



 Mantalak etxera
-Iturria: Ekarpen pertsonala.
-Helburuak:  Harremanak sustatzea.
-Haurren adina: 3-6 urte bitarteko haurrentzat aproposa.
-Partaide kopurua: 5-25 haurrek har dezakete parte.
-Materiala: Ez da materialik behar.
-Deskribapena: Haurrek mantalak etxera eraman behar dituztela oroitzeko ondorengo abestia abestuko dute:
“ Gaur mantalak etxera
eramango ditugu,
margoz, plastilinaz
zikindu zaizkigu. (bis)
Amatxok ondo ondo,
frus-frus-frus!
garbituko ditu.
Aitatxok ondo ondo,
frus-frus-frus!
garbituko ditu.”
Abestia zirkulu batean eserita abestuko dute ondoren bakoitza bere mantala janztera joango da. Frus-frus esaten duten bakoitzean haiek eskuetan xaboi bat balute bezala haien besoak igurtziko dituzte.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Abestia oso ondo atera da eta asko gustatu zaie umeei.
Jolasaren argazkia/marrazkia:
 
 

 

Rand Rober-ran Po po po po po po po po!
-Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak:
·         Gelakideen arteko harremanak hobetzea, lankidetza eta errespetua.    
·         Gorputz eskemaren irudikapen mentala eraikitzen lagundu.
·         Haurraren sormenaren eta irudimena sustatzea.
·         Talde lanean  jolasten ikastea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10-25 haur bitartean.
- Materiala: CD erreproduktorea, abestia eta uztaila.
- Deskribapena: “Land Rober-ran” abestia eta eskuartean uztai batez baliatuz haurrek abestiak dioena egin beharko dute. Irakaslea izango dute erreferentzi giza, eta laguntzaile gisa, beraz abestiak dioena eta irakasleari begiratuz haurrek berdina egingo dute.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia: Rand Rober Ran abestia:
               Ran rober ran  po po po po po popo po (2 aldiz)
           Uztaia gora gora
           lurretik zerura
           Gira alde batera
           eta gero bestera
           ta behera behera behera  
           ta behera behara bai
           uztai barruan preso gelditu naiz orain hei!!!!

 

Urtebetetze jolasa
-Iturria: Ekarpen pertsonala.
-Helburuak:
·         Denak suziriaren parte sentitzea.
·         Denon parte-hartzerik gabe suziria ez litzatekeela osatuko ulertzea.
·         Denen arteko koordinazioaren beharraz jabetzea.
 
-Haurren adina: 3-6 urte bitarteko haurrentzako bereziki.
-Partaide kopurua: 10-25 haurrek har dezakete parte.
-Materiala: Pizarra bat, klariona, plastilinazko tarta bat eta kandelak (urteen arabera).
-Deskribapena:
Urteak betetzen dituen haurra  banku batean eseriko da irakaslearekin batera, bitartean gainontzeko ikaskideak zirkulu erdi bat osatuko dute beraien aurrean eserita.
Urtebetetze eguna ospatzeko lehendabizi “zorionak zuri” abestuko diete haurrari eta ondoren plastilinazko tartaren gainean piztutako kandelak itzalduko ditu.
Ondoren,  zenbait suziri botako dituzte. Guztira lau suziri mota egongo dira: txikia, ertaina, handia eta erraldoia. Eta suziri bakoitza modu ezberdin batera egingo dute noski (ondoren azalduta daude). Suziri kopurua haurraren adinaren araberakoa izango da, hau da, 3 urteko haurra bada 3 suziri botako dituzte eta 5 urteko haurra baldin bada 5 suziri.
Urteak betetzen dituen haurrak aukeratuko du zein suziri nahi dituen eta bitartean irakasleak arbelean idazteko ditu. Denak aukeratu ondoren haur guztien artean egingo dituzte suziriak.
Suziri txikia egiteko, lehenengo bi eskuko behatz txikiarekin bakarrik izterretan zenbait golpe emango ditugu, ondoren bi behatzak elkarren artean igurtziko ditugu, geroago, behatz txikietako bat ezpainetatik gertu jarriz “txi…” zarata aterako dugu eta azkenik bi behatzak elkarren artean behin bakarrik golpatuko ditugu, honekin batera “pu…” txiki eta baxu bat egingo dugu ahoarekin.
Suziri ertaina egiteko, bi eskutako behatz lodia “gordeta”, hau da eskuko beste lau behatzekin, izterretan zenbait golpe emango ditugu, ondoren bi eskuak, lau behatzekin bakarrik elkarren artean igurtziko ditugu, geroago, esku bateko lau behatzak aho inguruan jarriz, suziri txikiarekin eginiko baina “txi…” altuxeago bat egingo dugu. Eta suziri ertaina amaitzeko txalo bat egingo dugu, honek batera ahoarekin “pu…” bat egingo dugu, suziri txikiarekin eginikoa banan altuxeagoa.
Suziri handia egiteko, bi eskuekin izterretan zenbait golpe emango ditugu, gero bi eskuak igurtziko ditugu. Ondoren, esku bat ahoaren inguruan jarri eta aldi berean “txi…” zarata egingo dugu, haurreko bi suzirietan baina altuago eta amaitzeko bi eskuek txalo bat egin eta “PUM…” handi bat egingo dugu.
Eta azkeneko suziria egiteko, hau da, suziri erraldoia, bi eskuekin izterretan zenbait golpe ematen ditugun bitartean, bi hankekin ere zorua kolpatuko dute ahalik eta zarata gehien ateraz. Gero, bi eskuak igurtziko dituzte eta ondoren bi eskuetako bat aho inguruan jarriz, “TXI…” ahalik eta altuen egingo dute. Eta amaitzeko eskuekin txalo handi bat egin eta aldi berean, ahalik eta altuen, “PUM…”.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa:
Jolas hau praktikan ikusi genuenean, haurrek aldez aurretik zenbaitetan eginda zutenez, bazekiten jolasaren nondik norakoa. Oso polita atera zen ospakizuna denen artean osatutako suziri ezberdinekin eta haurrei asko gustatzen zaien jolasa dela aztertu ahal izan dugu.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:



Arre-arre mandoko
-Iturria: Urteaga, J. (1986)
-Helburuak:
·         Erritmoa lantzea eta norabide aldaketa lantzea.
·         Denen artean zirkulu bat osatu eta jolasean zehar ez apurtzen saiatzea.
 
-Haurren adina: 3-6 urteko haurrek jolasteko aproposa.
-Partaide kopurua: 5-15 haurrek jolastu dezakete.
-Materiala: ez da materialik behar.
-Deskribapena: Neska-mutilak, eskuetatik elkarri helduta, biribil handi bat egingo dute. Eta biribilean dabiltzala honela abestuko dute:
“ Arre, arre, mandako,
bihar Iruña-rako,
etzi Tafalla-rako,
Handik zer ekarriko?
Zapata tagerriko,
Haiek zeinentzako?
Etxean dagoenarentzako. “
Abestian zehar, norabidearen aldaketa egingo da, erritmoa kontserbatuz ahal bada.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Jolas hau praktikan jartzerakoan, 5 urteko haurrekin egin genuen eta ez dugu inolako zailtasunik aurkitu jolasa haurrera eramaterako orduan. Haurrak abestia ikasi eta zailtasunik gabe jarraitu ahal izan zuten jolasa, nahiz eta zenbaitetan batzuk indar gehiegi egiterakoan korroa apurtu, segituan konpontzea lortzen zuten.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:

Eskulan jolasak

Kometak
-Iturria: Robins, D.; Sanders, M. eta Crocker, K.  (1998)
-Helburuak: Ikasleen arteko harremana sustatzea eta taldean lanak egiten ikastea. Haurren irudimena garatzea.
-Haurren adina: 4-6 bitartean.
-Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean, 2 edo 3ko taldeetan jarrita.
-Materiala: Kartulina, itsasteko zinta, nylonezko hari txirrita bat, orratza, artaziak eta paperezko zati koadratuak.
-Deskribapena:
            1) Tolestu kartulina ertz batetik bestera eta ireki ezazu berriz.
            2) Tolestu AB aldea erdiko lerroaren gainean.
            3) Egizu gauza bera beste hegalarekin ere.
            4) Ingura itzazu D, B eta C ertzak kolatzeko zintarekin, sendotzeko. Saia zaitez tolesturiko hegalak berdinak izan daitezen. Garrantzi handikoa da hau, kometa ondo joan dadin.
            5) Sartu haria (40 cm inguru) orratzean. Pasa ezazu C angelutik, egizu korapilo bat eta utzi haria zintzilik. Hari horrekin paperezko koadrotxoak lotuko dituzu goitik hasita, begizta moduan gelditu arte. Hori kometaren buztana izango da.
            6) Albainutu berriz ere orratza txirrikaren hariarekin, ebaki gabe. Pasa ezazu B eta D angeluekin, eta egizu korapilo bat. Kometa gorantz doan neurrian, txirrikako hari gehiago askatuko duzu.
            7) Kometa margotu.
            8) Eguraldi on bateko eguna aukeratu eta patiora atera kometekin hegan egiteko.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:

 
Marrazki tranpa
- Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak: Umeak taldean gauzak egiten ikastea eta hauen imaginazioa garatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean, 4ko taldeetan jarrita
- Materiala: Horri zuria, margoak eta arkatza.
- Deskribapena: Lau umeko taldeak egiten dira eta talde bakoitza horri txuri bat hartzen du. Marrazki bat egiten hasten dira, nahi dutena, eta, bukatzerakoan, buelta ematen diote orriari. Atzean, marrazkian marraztutakoa idazten dute eta marrazkian agertzen ez den gauza bat ere. Bukatzeko marrazkia haien gelakideei erakusten diete eta idatzitakoa irakurtzen dute. Gelakideek agertzen ez den gauza baina idatzita dagoena asmatu behar dute, tranpa hain zuzen ere.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Umeei asko gustatu zaie jolas hau eta ondo idazten saiatzen dira, oso garrantzitsua dena. Gainera lehen idatzitakoa irakurtzen saiatzen dira andereñoaren laguntzaz.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:
 

 
Mimikako jolasak

Gezurtia
- Iturria: Agudo, D., Minués, R., Rojas, C., Ruiz, M., Salvador, R., eta Tomás, J. (2002- 2006).
- Helburuak:
·         Umeek norberaren gorputza eta besteena ezagutzea, norberaren ekintza aukerak zeintzuk diren jakitea eta desberdintasunak errespetatzen ikastea.
·         Ikaskideekin erlazionatzea eta erlazionatzen ikastea.
·         Harreman sozial negatiboen aurkako jokabideak ekiditzea (Agresibitatea, apatia, antsietatea eta lotsa).
·         Haurrek beraien irudimena garatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 20-25 ume bitartean, binaka jarrita. Partaide kopurua bakoitia bada, irakaslea ere jolastu dezake.
- Materiala: Ez dago materialik.
- Deskribapena: Bikoteka jartzen dira umeak eta batek mimika eginez, zenbait gestu egiten ditu (hotza, poza, gora, baxua, atzerantz...). Beste umeak horiek alderantziz imitatu beharko ditu. Ezin da hitz egin. Denbora bat pasa ahala, paperak aldatzen dira.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa:  Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:
  

 

Animaliak imitatzen
-Iturria: Martí, I.; Denou, V. (2000)
-Helburuak:
·         Besteen aukeraketak errespetatzea eta bakoitza nolakoa den onartzea.
·         Ikasle bakoitza estimatua eta baloratua sentitzea.
-Haurren adina: 4-6 urte bitartean.
-Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean.
-Materiala: Imajinazioa.
-Deskribapena: Borobilean jartzen gara eta bakoitza zein animali imatatuko duen esaten du. Guztiak esan dutenean hasten da eta gela osotik joan daitezke aukeratu duten animalia bezala mugitzen eta bere soinua imitatzen.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

Ispilu dantzak
- Iturria: Agudo, D., Minués, R., Rojas, C., Ruiz, M., Salvador, R., eta Tomás, J. (2002- 2006).
- Helburuak:
·         Umeek norberaren gorputza eta besteena ezagutzea, norberaren ekintza aukerak zeintzuk diren jakitea eta desberdintasunak errespetatzen ikastea.
·         Ikaskideekin erlazionatzea eta erlazionatzen ikastea.
·         Harreman sozial negatiboen aurkako jokabideak ekiditzea (Agresibitatea, apatia, antsietatea eta lotsa).
·         Haurrek beraien irudimena garatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean
- Partaide kopurua: 20-25 ume, binaka jarrita. Partaide kopurua bakoitia bada, irakaslea ere jolastu dezake.
- Materiala: Ez da materialik behar.
- Deskribapena: Bikoteka jartzen dira umeak. Batek, musikaren erritmoan dantza egingo du eta besteak bere mugimendu guztiak imitatu beharko ditu. Irakaslek txalo bat ematean, bikoteko beste pertsonak hasiko da bestea imitatzen, paperak aldatuko dira. Bestalde, musika gelditzen denean, bikoteak aldatu beharko dira. Elkarrekin dantzatzen duten pertsonen kopurua aldatzen joan daiteke, guztiok elkarrekin dantzatzeraino.
Aldaerak:
·         Gorputz atal bat elkarrekin ukituz dantzatzea ere posiblea da.
·         Gorputz atal bat inmobilizatuta edukita dantza egitea ere posiblea da.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

Amari jarraitu
-Iturria: Martí, I.; Denou, V. (2000)
-Helburuak:
·         Haurren berezko ahalmenak eta irudimena garatzea.
·         Ikasleen arteko harremanak sustatzea.
·         Ikaskide guztiak taldearen zati garrantzitsua direla sentiaraztea.
·         Harreman sozial negatiboen aurkako jokabideak ekiditzea (Agresibitatea, apatia, antsietatea eta lotsa).
-Haurren adina: 4-6 urte bitartean.
-Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean.
-Materiala: Imajinazioa.
-Deskribapena: Gelakide guztiak ilara batean jartzen dira. Lehengo andereñoa jartzen da ilara horren buruan eta bera hasten da zerbait egiten atzekoak imitatzeko. 5 minutu barru kentzen da eta atzean daukan umea jarraitzen du zerbait egiten. Andereñoa ilaratik kentzen da eta kanpotik umeak nola egiten duten begiratzen du. Andereño ondoren mugitzen hasi den umea 5 minutu egoten da ere eta denbora hori pasa ondoren andereñoak ilararen atzealdean jartzeko esaten dio, beste ume bat buruan jarriz. Horrela ume guztiak ilararen buruan egon arte.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

Familiak
- Iturria: Agudo, D., Minués, R., Rojas, C., Ruiz, M., Salvador, R., eta Tomás, J. (2002- 2006).
- Helburuak:
·         Umeek norberaren gorputza eta besteena ezagutzea, norberaren ekintza aukerak zeintzuk diren jakitea eta desberdintasunak errespetatzen ikastea.
·         Ikaskideekin erlazionatzea eta erlazionatzen ikastea.
·         Bekaizkeria eta mespretxua deuseztatzea.
·         Harreman sozial negatiboen aurkako jokabideak ekiditzea (Agresibitatea, apatia, antsietatea eta lotsa).
- Haurren adina: 4-6 bitartean
- Partaide kopurua: 20-25 ume bitartean.
- Materiala: Ez dago materialik.
- Deskribapena: Ume bakoitzari txartel bat banatzen zaie. Animali espezie bateko Aita, Ama, edo Semea izan daitezke. Umeek beraien txartelak aldatzen joango dira, gero eta azkarrago. Zuzendariak “Familiak” esaten duenean, animali mota berdineko familiak osatu behar dira eta, horretarako, animali hoien moduan ibili edo mugitu behar dute. Soinurik ezin dute egin eta, behar izanez gero, mimikaz komunikatu beharko dira.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 
Jolas sentsoriala

Masajea
- Iturria: San Jose de Calasanz eskolan ikusita. Pirritx eta Porrotx Piratak CD-an agertzen da.
- Helburuak:
·         Ikasleen arteko harremanak sustatu.
·         Gelakideen arteko mezpretsua gaitzetsi.
·         Pertsonak diren bezala onartzea eta hauek errespetatzea.
·         Erlaxatzeko gaitasuna antzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean, binaka jarrita.
- Materiala: Musika.
- Deskribapena: Binaka jartzen dira, bat lurrean etzanda eta eserita masajea egiteko. Musika hasten da. http://www.youtube.com/watch?v=fhvz-qPCq-k
Abestia:
Kask-kask oskola, kraskatu arrautza oskola;
behera badoa haren gorringoa. (1)
Inurritxoak gora, gerritik lepora;
behera behera inurriak, beti bihurriak. (2)
Aupa elefanteak, zuek bai mastodonteak.
Mesedez jaitsi, ez nazazue hautsi. (3)
Txitoak goraka, txio-txio-txioka;
txitoak beheraka, aita kukurrukuka. (4)
Igo sagu saguzarrak, igo sagu saguzarrak,
odola zurrupatu, odola zurrupatu;
jaitsi sagu saguzarrak, jaitsi sagu saguzarrak,
odola zurrupatu, odola zurrupatu. (5)
Laranjen igoera, zukua atera, zukua atera.
Laranjen jaitsiera, zukua atera, zukua atera. (6)
Hotzak akabatzen nago. Fu, fu!
Hotzak akabatzen nago. Fu, fu! (7)
Hotzikara eta agur. (8)
1) Behatz guztiak batuta buruan suabe suabe ematen da pare bat aldiz eta gero behatzak irekitzen joaten dira buruaren gainean.
2) Pianoa jotzen ari bazina bezala, behatzak lehenengo bizkarretik gora eta gero behera.
3) Eskuak itxita, ukabila bat emango bazenu bezala, bizkarretik gora eta behera aurrekoan bezala.
4) Bi behatzekin bizkarretik salto txikiak eginez gora eta behera.
5) Hiru behatzekin atximur txikiak egin bizkarrean zehar gora eta behera.
6) Laranjen igoera eta jaitsiera esaterakoan eskuak itxita bizkarretik arrastratu gora eta behera eta zukua atera esaten duenean, eskuak irekita bizkarraren gainean jarri eta biratu pixka bat.
7) Umearen aurpegian putz egin.
8) Bizkarrean eskuak ura balitz bezala mugitu goitik behera.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Umeak asko erlaxatu dira eta errekreo ondoren egiteko jolas interesgarria da handik oso urduri etortzen direlako gelara eta, horrela ezin dute txokoetara lanak egitera joan.  
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 
Antzerkiko jolasak

Eszenatokia (murala)
- Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak:
·         Berdintasuna bermatu ikaskideen artean, denen iritziak balio baitu.
·         Besteekiko errespetua bermatzea.
·         Taldekideen arteko kooperazioa marrazteko garaian, talde lana.
·         Hartu-emana taldekideekin.
·         Eskulanean aritzea oso atsegin zaie beraz poztasuna bermatu eta taldeko hartu-emana bermatzea giro egokian.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 8-20 ume bitartean.
- Materiala: Kartulina, margoak, zelo itsasteko erabiltzen dena.
- Deskribapena: 4ko taldeak osatu ondoren eta 2 kartulina itsatsi ondoren, eszenatokia izango dena marraztuko dugu (ibai bat marraztu beharko dute). Marraztu ondoren koloreztatu egin beharko dute. Partaide guztiak kooperatu behar dute, denon lana baita.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia: Ibai baten marrazkia.
 



Antzerkia: Usoa eta Inurria
- Iturria: Txikitako oroitzapena.
- Helburuak:
·         Ikaskideekiko errespetua, mespretxua ekiditea eta besteen onarpena.
·         Adin tarte honetan jolas mota hauek  non rolen bidez jolastea oso atsegin dute, gizartean elkarbizitzarako garapena bermatzen dute.
·         Ingurunearen esangura barneratu eta garatu.
·         Gizabanakoen elkarrekintza rolak eta ekintzak integratzen diren jolas kooperatibo batean bihurtzen da.
·         Ipuina beraren istorioa kooperazioan datza, garapen sozialerako oso esanguratsua.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 10 eta 25 haur bitartean.
- Materiala: Karetak, murala, Ipuina(Usoa eta Inurria).
- Deskribapena: Antzezlana: Taldeak osatuta daude eta materiala prest dagoenean ( karetak koloreztatuta eta murala eraikita) antzeztu egin beharko dute. Publikoa deritzana ( gelakideak) lurrean eseriko dira antzezten dutenen aurrean. Antzezleak martxan jarriko dira. 4 partaideko taldeak osatuko dira: Narratzailea, Usoa, Inurria eta Ehiztaria. Bakoitzak bere testua deritzona ikasita edukiko du eta dena prest antzezlana martxan jartzeko. Irakaslearen parera laguntzailearen izango da. Kokatzen lagundu, testuarekin lagundu.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia: IPUINA: Usoa eta inurria
Erreka ertzean paseatzen zebilen uso zuria. Ura garbi eta garden zihoan; zoruko arraintxo eta harri koxkorrak ere garbi-garbi ikusten ziren.
Hala zebilela, usoa, egarritu egin zen eta errekara hurbildu.
Mokoa uretan sartu eta gero burua gora jasoz edaten hasi zen.
Han, erreka ertzean, inurri beltz bat zebilen gelditu ere egin gabe. Egarritu zenean, uraren ertzeko belar batera igo zen.
Belarraren muturra uretaraino iristen zen eta hantxetik behera jaitsi zen inurria.
Ura indarrean zetorren. Inurriak gogor heltzen zion belarrari, baina alferrik; urak eraman zuen handik behera. Igerian egin nahi zuen lehorrera irteteko, baina uraren indarrak ez zion uzten.
Eta pentsatu zuen usoak bere artean: “Gaixoa! Nik lagunduko diot inurritxo horri
uretatik irteten. Baina nola? Nire moko handiarekin heltzen badiot min egingo diot. A, badakit. Belar bat gerturatuko diot. Belar hartara igotzen bada, salbaturik dago.”
Honela, joan zen usoa belarraren bila. Azkar hurbildu zen inurriarengana belar
bat mokoan zuela. Belarra oso luzea zen eta inurria zegoen lekutik lehorreraino ongi iristen zen. Pozik heldu zion inurriak belarrari. Laster alde egin zuen uretatik
lehorrera.
Hankak ongi lehortu ondoren, uso ongileari eskerrak ematera joan zen. Inurria
oso pozik zegoen; usoa ere bai, inurritxo bat salbatu baitzuen. Elkar agurtu ondoren, bakoitza bere etxera joan zen: inurria inurritegira eta usoa usategira.
Etxera bidean, inurriak, erreka ertzetik zihoan gizon bat ikusi zuen. Eskopeta bat
zeraman bizkarretik zintzilik eta kapelu handi bat buruan. Ehiztari gehienak bezala, bazter guztietara begira zihoan.
Ehiztaria, usoa ikusi zuenean, eskopeta luzatuz, tiro egiteko prestatu zen. Aurrez
aurre zeukan usoa. “Ez zegok gaizki! –pentsatu zuen ehiztariak-. Bihar eguerdian
arrozari nahasi eta…”
Baina… inurria ez zegoen lo. Usoa arriskuan ikusi zuenean, pentsatu zuen
berekiko: “Zerbait egin beharrean nago ehiztariak nire laguna bota ez dezan.”
Korrika, ehiztariari gerturatu zitzaion eta, haren hankako behatz lodira igoz, ahal
zuen indar guztiz kosk egin zion.
- Aiiiiiiiiiii! –garrasi egin zuen ehiztariak.
Eskopeta lurrera bota eta hankari heldu zion. Zerbaitek kosk egin ziola konturatu
zen; baina alde batera eta bestera begiratu ondoren, ez zuen ezer ikusi.
Inurria hain txikia izanik, erraz ezkutatu zen ehiztariaren bistatik. Ehiztaria
prestatu zen berriro eskopeta hartuta usoa botatzeko, baina beranduegi zen. Usorik ez zen inon ageri.
Iturria: 4. Irakurgaiak ELKAR GIE
   
 

 Jolas motorrak

Gometxak elkartu
- Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak: Ikasleen arteko harremanak sustatzea eta taldean jolasten ikastea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 20-25 ume.
- Materiala: Kolorezko gometxak.
- Deskribapena: Ume bakoitzari kolore ezberdineko gometxa jartzen zaio kopetan eta jolasa hasten da. Ume bakoitza ez daki ze kolore den baina besteak ikusi ditzake eta bi pertsona kolore berdinarekin ikusten duenean hauek batu behar ditu eta eskutik joan behar dute. Jolasa denak batuta daudenean bukatzen da, hau da, bakoitza bere kolorearekin.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:



Hemendik- Hara
- Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak:
·         Ikasle bakoitza estimatua eta baloratua sentitzea.
·         Estabilitate emozionala mantentzea.
·         Ikasleen arteko harremanak sustatzea.
·         Ikaskideen arteko kooperazioa bultzatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 20-25 ume, bosteko taldeetan jarrita.
- Materiala: Uztai bat.
- Deskribapena: Jolasaren eredua azaldu nahian, irakaslea korroan batu ahal da beraiekin, uztaia gorputzetik nola pasatu azaltzeko. Hala ere komenigarria da azalpena eman ondoren haurrei denbora tarte bat eman hausnartu dezaten zein izan  daitekeen uztaia  pasatzeko modurik eraginkorrena. Jolas honetan haurrak 5eko taldeetan jarriko dira. Eskuak lotuko dizkiote elkarri baina tartean uztaia bat edukiko dute. Gorputzaren mugimenduak erabiliz eta eskuak askatu gabe uztaiak bere bidea bete beharko du, borobilari bira osoa emanez.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Nahiz eta hasiera batean jolasa haurrei konplexua iruditu, beraien arteko kooperazio lana garatzen doa. Jolasa behin eta berriro errepikatzen dihoazten heinean burutzen duten jolasarekin gehiago disfrutatzen dute. Ikusten dutelako egiten ari direna lortzeko aukera dutela.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

Uztail partekatuak
- Iturria: Agudo, D., Minués, R., Rojas, C., Ruiz, M., Salvador, R., eta Tomás, J. (2002- 2006).
- Helburuak:
·         Ikasleek taldean jolasten ikastea. Horrela, beraien ingurukoei  laguntza eskaintzen ikasiko dute baita egoera ezberdinak besteen ikuspuntutik begiratzen ere.
·         Ikasleen arteko harremanak sustatzea.
·         Ikasleek elkar banatzen ikastea.
·         Haurrek beraien irudimena garatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean.
- Partaide kopurua: 20-25 ume bitartean.
- Materiala: Uztailak eta musika. Partaide kopuruaren arabera uztail kopurua aldatuko da. Hasieran guztientzako uztaila egon behar da.
- Deskribapena: Mota eta kolore ezberdineko uztailak banatzen dira espazio guztitik. Umeak espaziotik mugituko dira uztailak ukitu gabe musikaren erritmoan. Irakasleak musika gelditzen duenean, ume bakoitza uztail batean sartu beharko da (ez da beharrezkoa uztail batean bakarrik ume bat egotea). Jolasa aurrera egin ahala, uztailak kenduko dira eta ume gehiago egongo dira uztail batean. Bukaeran, uztail bat bakarrik utziko da eta bertan sartzeko dituzten arazoak ikusiko dira.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

Puxika hegan
-Iturria:  Volpe, K. W. (2009)
-Helburuak:
·         Talde lana  eta gorputzeko atal ezberdinak lantzea.
·         Kolaborazioa lantzea.
 
-Haurren adina: 3-6 urteko haurrek jolasteko
-Partaide kopurua: 10-25 ume bitartean.
-Materiala: Puxika bat 3 haurreko
-Deskribapena:
3 haurreko taldeak egin ondoren, denak sakabanatu egingo dira. Talde bakoitzari puxika bat (puztuta eta lotuta)  banatuko zaie eta taldekideak eskutik emanda zirkulu bat osatu beharko dute. Talde bakoitza puxika airean mantentzen saiatuko da baina, ezin dituzte eskuak askatu. Minutu batzuk esperimentatzeko utziko dizkiegu. Guztiek froga bat egin ondoren, irakasleak gorputzeko atal bat aipatuko du, “eskuak” adibidez, eta haurrek gorputzeko atal hori erabiliz bakarrik mantendu beharko dute puxika airean.
Gorputzaren atalak aldatzen joango gara, beranduago zenbait konbinaketa ere egin ditzakegu, “ukondoak eta burua” adibidez. Eta amaitzeko haurrei esan diezaiokegu puxika ukitu gabe mantendu behar dutela airean, hau da putz eginez.
-Jolasa praktikak jarri ondoren talde-hausnarketa:
Jolas hau praktikan jartzerakoan, ikusi ahal izan genuen  haurrentzat ez dela oso erraza eskuak emanda mantentzea jolas osoan, izan ere zenbatetan askatzen ziren puxika lurrera erortzea ekiditeko modu bakarra zela ikusten zutelako. Hala eta guztiz ere, zenbatetan jolastu ondoren, jolasa gero eta hobeto atera zen eta haurrak ere gusturago ibili ziren.
-Jolasaren argazkia:
 

Beste batzuk

Puskatutako telefonoa
- Iturria: Ekarpen pertsonala.
- Helburuak:
·         Kooperazioaren garrantziaz ohartzea.
·         Ikasle bakoitza estimatua eta baloratua sentitzea.
·         Ikasleen arteko harremanak sustatzea.
·         Haurrek beraien irudimena garatzea.
- Haurren adina: 4-6 bitartean
- Partaide kopurua: 10-25 ume.
- Materiala: Ez dago materialik
- Deskribapena: Gelakide guztiak lerro bat osatzen jarriko dira. Irakasleak mezu sekretu bat esango dio lehenengoari belarrian eta, honek, hurrengoari transmititu behar dio mezua. Orduan, mezua umez ume pasatzen ibiliko da eta azkeneko umeak iritsi zaion mezua ozen esango du. Jolasaren bukaeran, hasierako mezua eta bukaeraraino iritsi dena konparatzen dira.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Umeei asko gustatu zaie jolasa, ume batzuk beste batzuk baino altuago hitz egiten zuten belarrira esateko orduan eta guztien artean hitz egin dugu beste baterako baxuago hitz egiteko bestela guztiak enteratzen ziren haien txanda baino lehenago. Hala ere, jolasa ondo atera da.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

Katuari txintxilla ipini
-Iturria: Urteaga Garmendia, J. (1986)
-Helburuak:
·         Lagunek esandakoa entzuten eta kasu egiten ikastea.
·         Lagunen laguntza eduki ezean, helburua lortzea ezinezkoa izango zela ohartzea.
 
-Haurren adina: 5-6 bitarteko haurrei zuzendua.
-Partaide kopurua:6 edo 7 lagunen artean jolasteko.
-Materiala: Jolas  honetarako katu baten marrazki handi bat, margoak, txintxilla bat beharko ditugu eta begiak estaltzeko zapi bat.
-Deskribapena:
Lehendabizi, haur guztien artean katuaren marrazki handi hau margotuko dute. Ondoren, marrazki hau pareta batean zintzilik jarriko dugu eta zozketa bidez ateratako haurrari begiak estaliko dizkiogu. Haur honi txintxilla ere emango diogu. Begiak itxita dituela katuaren lepoan txintxilla jartzen saiatu behar da. Honetarako bere lagunen laguntza izango du, izan ere, beraiek pistak eman beharko dizkiote txintxilla ahalik eta toki egokienean jartzeko. Gauza bera egingo dute jolasten duten haur guztiek.
-Jolasa praktikak jarri ondoren talde-hausnarketa:
Jolasa praktikan jartzerakoan haur gutxirekin egin genuen, guztira sei haur ziren, 5 urtekoak guztiak. 5 haur zeuden begiak itxita zituena gidatzeko eta hasiera batean zaila egin zitzaien arren, denen laguntzarekin katuari txintxilla jartzea lortu zuten. Haurrek oso ongi pasa zutela ikusi ahal izan genuen eta zenbait zailtasun izan arren denak izan ziren gai helburua lortzeko. 
-Jolasaren argazkia:
   

Korapiloa!
-Iturria: Ekarpen pertsonala.
-Helburuak:
·         Umeen arteko harremanak sustatzea
·         Bakoitza taldeko partaide garrantzitsua sentitzea.
·         Ikaskideak diren bezala onartzea eta bakoitzak bere ezaugarriak dituela ikastea. Horrela, errespetuz jolasten ikasiko dute.
·         Talde kohesioa indartzea.
-Haurren adina: 4-6 urteen bitartean.
-Partaide kopurua: 15-25 ume bitartean.
-Materiala: Ez dago materialik.
-Deskribapena: Ume guztiak borobilean jartzen dira bi ezik, gelaz kanpo joaten direnak. Borobilean dauden umeak eskutik heltzen dira eta beraien artean korapilo handi bat egiten hasten dira, bata bestearen azpitik pasatzen, baina eskutik askatu gabe. Korapiloa egiten bukatzen dutenean, kanpoan dauden bi umeak gelara sartzen dira eta haien adiskideak egin duten korapiloa desegiten saiatzen dira. Jolasa korapiloa desegin dutenean bukatzen da.
- Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa:  Ez dugu praktikan jarri.
- Jolasaren argazkia/marrazkia:

 

Jatera!
-Iturria: Martí, I.; Denou, V. (2000)
-Haurren adina: 4-6 urte bitartean.
-Partaide kopurua: 20-25 ume, binaka jarrita.
-Materiala: Bizkotxoak.
-Deskribapena: Kurtso bukaeran, andereñoak bizkotxoak ekartzen ditu. Umeak binaka jartzen dira eta begiak zapi batekin estaltzen dituzte. Andereñoaren laguntzarekin, bakoitza bere adiskidearen aurrean jartzen da eskuetan bizkotxo batekin eta jolasa hasten da, hau da, bere adiskidearen ahoan sartu behar dute eta honek jan.
-Jolasa praktikan jarri ondoren talde-hausnarketa: Ez dugu praktikan jarri.
-Jolasaren argazkia/marrazkia:

No hay comentarios:

Publicar un comentario